"Baikor eta irribarretsu" esango dute agur Skakeitan taldekoek, hamalau urtez bizirik mantendu duten maitasun istorioari amaiera jarrita. Publikoarekin ospatu nahi dute urte horietan guztietan bizitakoa, agertoki gainean zein behean daudenek guztia emanda. Beraien sare sozialetan iragarri dituzte 'Zuekin azkena' birako zenbait hitzordu. Eta ikus-entzulea entretenituta mantentzeko, beraien azken lana eman dute ezagutara: '112' deitutako abestia, eta horrekin batera, bideoklipa.

Agur esateko erabakia hartu duzue Skakeitaneko taldekideok. Erabaki zaila izan al da?

Egia esateko, erabaki erraza ez da izan, baina erabaki hori fase proban geundenean etorri zen. Aurreko urtean bildu ginen, norberak zituen sentsazioak ikusita, eta pandemiak gugan izan zuen eragina ikusita. Izan ere, pandemiak aldaketa bat ekarri zuen taldera; ohituta geunden kontzertuak ematera, eta ez gara inoiz gelditu. Gelditze horrek gugan sortu zuen nolabaiteko pentsamendu bat, alegia, imajinatzea talderik gabe bizitzea. Hala bizi izan nuen nik behintzat. Gauzak horrela, hitz egiten hasi ginen. Kontzertuak ez emateaz gain, disko baten inbertitu genuen diru eta denbora guzti hori okertu egin zen; oinarri bat geneukan urte osorako, ilusio ikaragarria genuen, gainera.

Belarrondoko polita izan zen hori guretzat. Eta orduan hitz egin genuen: hitz egin genuen beste zerbait ateratzeaz, ea indarrez geunden horretarako. Eta 'Eman ez genuen kontzertua' proiektua atera genuen orduan. Diskoa atera genuenetik beste bi single gehitu dizkiogu azken lan horri. Amaiera alde horretan, abendu inguruan, jada erabakita geneukan uzteko momentua zela, nahiz eta momentu hauetan gauzak "normaltasunera" bueltatzen ari diren.

Behin erabakia hartuta, normaltasun honek ez zaituzte berriz zalantzan jarri?

Bi prorroga izan genituen bide horretan, baina, nik uste dut azken horretan argi ikusten genuela. Denbora bat eman genion, bikote harreman batean bezala, baina inongo kontu txarrik gabe. 14 urte eman ditugu elkarrekin, eta garapen natural bat izan da amaitzearena.

Hitz egiteko elkartu zinetenean zer ikusi zenuten?

Ordura arte ez genekien argi zer gertatuko zen. Gaur egun ere, zalantzak ateratzen dira musika munduan gertatuko denaz. Euskal Herriko musika aldatu denaz hitz egin genuen, eta baita gu aldatu garen horretaz ere. Ez gara isolatuta egon baina astero elkartzeko harremana geneukan, eta pauta horiek ere aldatu egiten dira pandemiarekin.

Beti sentitu izan dugu musikan zaletutako lagun kuadrilla bat garela, zortea izan duguna, eta arrakasta erlatibo bat izan duguna. Gure artean estilo artetik ezberdinak izatea ez da aitzakia bat izan, ze orain arte oso eliptikoak izan gara, disko batetik bestera aldaketa nabariak izan dira. Aitzakia bagenuen beste bat ateratzeko eta ez zen hori, gehiago izan da nekatzea edo ilusio bera ez izatea.

Lanean jarraitzeko ez dugu estiloagatik egiten, horretarako ilusioa behar da, beraz€ Gainera, jendeak ez du kontuan hartzen, baina denbora asko eskatzen du; horrelako proiektuak ez dira bakarrik mantentzen.

Zortzi taldekide izateak ez du erraza izan behar.

Formatu errazagoa da jendearen ustez furgoneta bat alokatu behar ez duzunean, debate gutxiago dagoenean taldean€ Baina gurea politagoa ere bada. Egia da gure artean funtzioak ondo banatuta genituela, taldean talde txikiak genituen. Adibidez, batzuk konposatzeaz arduratzen ziren, beste batzuk komunikazioaz, beste pertsona batek taldearen kontuak eramaten ditu€ Funtzioak ondo banatuta egingarriagoa da. Beharbada, beste talde batzuekin alderatuta ez da hain erraza, baina beno€

Eta horrela 14 urtez. Zein izan da horraino heltzeko gakoa?

Nik uste dut laguntasun aldetik konexio ikaragarria dugula. Baina horrez gain, uste dut erraztasuna izan dugula haratago begiratzeko, mugak hausteko anbizioa izan dugula. Eta, gainera, garapen horretan, uneoro ondo egokitu gara. Jasotzen joan gara, eta momentuan gorputzak eskatzen ziguna sortzen. Horrek egin du gu ez nekatzea. Aro ezberdinak nahiko markatuta egon dira gure diskoetan, baina horrek ilusioa mantentzea ere ekarri digu. Eta gainera, hori egiteko askatasuna sentitu izan dugu.

Taldearen izenean ska estiloa hain markatuta edukitzeak hasiera batean traba bat ere planteatu zigun, lehen diskotik bigarrenera. Baina orduan pentsatu genuen gure izaerak egingo zuela gure izena, eta ez izenak gure izaera. Eta filosofia hori mantendu izan dugu gogorrago eta horrela lortu dugu.

Skakeitanen ibilbide amaierak nor penatuko du gehiago, taldea bera ala publikoa?

Ez dakit zer esan. Taldearen amaiera iragarri genuenetik entzun eta irakurri duguna kontuan hartuta, esango nuke jendeak duela pena pixka bat; batez ere, azken garai honekin ilusionatuta zegoen entzuleriak. Nik, bereziki, faltan botako dut elkartzeko aitzakia hau, gustura nagoen jende horrekin ez egitea plan bera. Hala ere, uste dut denak penatuta gaudela, ziur.

Agur esan gabe ez da Skakeitan desagertuko. Eta horretarako agur bira hasi duzue.

Otsailean hasi ginen kontzertuekin, eta gure ideia da hemendik irailera arte, Euskal Herrian kontzertu batzuk ematea. Ondoren, beste fase bat egongo da, zeinetan Euskal Herritik at jotzea nahiko genukeen. Bartzelonan eta Madrilen jo nahiko genuke, esaterako. Leku horietan jo izan dugu, eta uste dugu garrantzitsua izango litzatekela etapa hau ixteko. Horrez gain, Espainiar eta Frantziar estatuetatik kanpo jotzeko asmoa ere badugu, baina oraindik ezer itxi gabe dagoenez, ezin dugu ezer aurreratu.

Zein modutan esango duzue agur?

Formatu aldetik esan, azken diskoko abestiak joko ditugula, eta horiei aurreko diskoetako pare bat abesti ere gehituko dizkiegula. Buruan daukagu azken kontzertu bat ere, Donostian. Kontzertu berezi bat izango da, eta hor gure ibilbide osoari egingo diogu erreferentzia. Taldearen omenaldi bat modukoa izango da.

Ibilbidea aipatu duzu. Atzera begiratuta, nolakoa izan da zuen ibilbidea?

Nik Skakeitanen aurretik musikarekin eta instrumentu batzuekin saltseatuta neukan zerbait, baina taldeko asko Skakeitanen aurretik esperientziarik izan gabekoak ziren. Musika fanak ginen aldetik, pixkanaka ikasten joan den talde baten historia da hau. Gero, "profesionaltze" prozesu batean sartzen hasi ginen; 2012tik aurrera diskoak ateratzen hasi ginen, eta hor fase berri batean sartu ginen, pixka bat seriotzen garena, eta ikusten duguna pixka bat haratago joan genezakeela. Eta hala izan zen. Ibilbidean, baina, izan da tokirik gabeko fase bat, eta hori askotan errepikatu da. Nahiz eta gure artean asko hitz egitekoak izan garen, eta eztabaidatzen genuen: zer gara eta zer nahi dugu izan. Eta hori izan da, azkenean, atera dena.

Estilo aldetik ere zer eman nahi dugun, nola kontatzen ditugun istorioak€ kontuan izan dugu. Horrekin guztiarekin eskola bat sortu dugu. Gurekin batera talde asko sortu dira; guk eraginda lehen faktore bezala ez, baina hor egongo gara. Donostiko eszena, adibidez, ez litzateke gauza bera izango Skakeitan gabe. Beste kide batzuekin hitz egin dut eta horretaz harro gaude. Gure ibilbidean talde izateaz gain, euskarri bat ere izan gara zentzu horretan. Beste proiektu batzuk sortu dira, bai talde barruan zein taldetik kanpo ere.

Orokorrean Skakeitan eskola bat izan da guretzat baina baita beste batzuentzat ere. Eta hori polita izan da. Gu ere musikaren militanteak izan gara, Donostiaren garapenean ere, ez bakarrik musikari bezala, pertsona sozial bezala ere horren parte izan gara. Euskal panoraman talde kontsolidatu bat izan gara eta pozik aritu izan gara horrekin.

Talde kontsolidatu horrek 5 disko eta hainbat kontzertu ditu atzean. Hasieran uste zenutena baino gehiago lortu al duzue?

Ni behintzat oso pozik nago lortutakorekin. Nola galdu denbora lanak, gainera, izan zuen arrakasta eta Gaztea saria ez dira onarpen txikia izan. Ibilbide horretan egon den lan bakoitzarekin oso harro nago.

Urte hauetan guztietan dantzan jarri du publikoa Skakeitanek. Hemendik aurrera ere dantzan jarraituko al du taldeak?

Jakina. Orain kontzertu batzuk ere emango ditugu, eta ez dugu soilik Skakeitanekin dantzatuko, barrutik atera diren proiektuekin eta etorkizunean bakoitzak ateratzen duenarekin ere. Gu garenarekin ez daukat zalantzarik aktibo jarraituko dugula musikan, modu batean edo bestean.

Zer emango diozue publikoari agur biran?

'Eman ez genuen kontzertua'-ren harira hor daukaguna emango dugu; une hunkigarriak ere izango dira, nostalgiko jarriko garelako momentu batzuetan, baina beno, kontziente gara azken bira dela eta horrek suposatzen duen indarrarekin aterako gara. Guk disfrutatuko dugu azkena bailitzan bezala.

Eta trukean zer eskatuko diozue ikus-entzuleari?

Gu dena ematera goazen moduan, haiengandik ere gauza bera espero dugu. Hala izan zen, esaterako, Herri Urratsen; guztiak ez dira horrelakoak izango, noski, baina antzeko zerbait da espero duguna. Berria eman ondorengo lehen froga izan zen Herri Urratsen bizi izan genuena, eta ikaragarria izan zen.