Ortzadar eta Rekalde Aretoaren ekimenez antolatzen den KMK Komiki Lehiaketak bere laugarren edizioa du aurten. Aurreko urteetan legez, komikigile berriei euren lanak jendaurrean erakusteko aukera ematea da lehiaketaren xede nagusia, euskarazko sorkuntza bultzatzearekin batera. Aurten ere, Adur Larreak (Bilbo, 1982) eta Pernan Goñik (Oñati, 1968) osatuko dute epaimahaia. Sariketaren eta komikigintzaren inguruan hitz egin dute Ortzadarrekin bi komikilariek, aurtengo lanak baloratzen hasteko egun gutxiren faltan.

Berriro ere epaile lanetan arituko zarete KMK lehiaketan. Nolako esperientzia da hau zuentzat?

Goñi: Interesgarria da, baina ez pentsa, gogorra ere bai. Lehiaketetan lan asko atera behar izaten dira galtzaile bakar batek irabazteko, eta horrek pena ematen du askotan. Gure eskuetan dago erabakia eta, ondorioz, baita ardura ere. Dena den, oso gustora egiten dugun lana da.

Ze irizpide izaten dituzue kontutan lanak baloratzeko orduan?

Larrea: Gehienez lau orrialdetan aurkeztu behar dira lanak, beraz, ezin dira ideia konplexuegiak landu espazio horretan. Hori horrela, sinpletasuna baloratzen dut eta baita istorioak hankamotz ez gelditzea ere. Irudien kontua, ordea, gustu personalen araberakoa da guztiz. Goñi: Noski, bakoitzak bere preferentziak ditu eta gauza desberdinak baloratzen ditu. Nik, pertsonalki, berritasuna asko estima-tzen dut. Zeozer desberdina bilatzen dut, aurrez ikusi ez dudan zerbait izatea. Umorea ere gustatzen zait, baina gero eta gehiago baloratzen ditut gauza originalak.

Marrazkilari askok irudia lehenesten dute. Ze garrantzia ematen diozue hitzari?

L: Egia da badela joera bat marrazkilari askoren artean ilustrazioari garrantzi osoa eskaintzekoa, gidoia bigarren plano batera alboratuz. Hala ere, komikia hitzen eta irudien arteko sinbiosia da eta bien arteko osagarritasun orekatua ezinbestekoa da. KMK lehiaketaren helburuetako bat euskarazko sorkuntza bultza-tzea izaki, hizkuntzari eta gidoiari garrantzia handia ematen diegu.

Alor desberdinak lantzen dituzue zuen egunerokoan. Zer pisu dauka komikigintzak zuen jardunean?

L: Hainbat aldizkari, egunkari eta liburuen-tzako ilustrazioak eta komikiak egiten ditut, hori da nire zeregin nagusia. Horrez gain, kartelgintza edo ikus-entzunezko proiektuetarako animazioak eta grafismoak ere lan-tzen ditut.

G: Nik 30 urte daramatzat komikigintzan baina alor honetatik urruntzen ari naiz. Balantze bat eginda, aitortu behar dut euskal komikigintzan leku bat egitea oso zaila egin zaidala. Jendeak komikigile moduan ezagutzen nau eta oraindik ere gustora egiten dudan lana da, baina benetan jendeak nire komikiak irakurtzen al ditu? Hor dago gakoa. Niretzat komikia komunikatzeko tresna bat da, eta komunikazio hori ematen ez bada, jakin behar da beste bide batzuk probatzen. Gainera, ondorengoei ere lekua utzi behar zaie.

Zer nolako eragina izan du teknologia berrien iraultzak zuen lanean?

G: Azken urteotan asko aldatu da lan egiteko modua, batez ere bi alorretan. Alde batetik, dokumentatzea askoz errazagoa da orain. Garai batean tigre bat marraztu behar bazenuen, aldizkarietatik irudiak ebaki behar zenituen erreferentziak izateko. Gaur egun, Google-en milioika irudi daude klik bakar batean. Hori aurrerakuntza itzela izan da. Koloreztatzeko orduan ere aldaketa handia eman da, izan ere, duela bi hamarkada tenperak eta akuarelak erabiltzen genituen eta o-rain paleta grafikoak ditugu eskura. Gainera, egindako lan guztia hanka-sartze batengatik ez izorratzeko beldurra izaten genuen lehen. Orduan ez zegoen Ctrl+Z egiterik.

L: Erraztasun tekniko ugari barneratu ditugu baina ideia onak sortzeko tresnarik ez da sortu oraindik zorionez. Teknika menperatzea ondo dago, baina ideia onak izatea beti izango da garrantzitsua. KMK lehiaketara aurkeztekotan dabiltzanei gomendio bat emango nieke: ideia lantzen denbora ematea.

Komikigintza bizi baldintza kaskarrekin lotu izan ohi da. Prekarietate ekonomikoa errealitate bat da sektore honetan?

L: Egia da enkargu mordoa egin behar direla mundu honetan lekutxo bat egiteko. Oso marrazkilari gutxik lortzen dute komikietatik bizitzea eta ohikoa da hamaika proiektutan murgilduta dauden irudigileak topatzea: diseinu eta ilustrazio lanak, publizitate kanpainetarako irudiak, etab. Honetan ari garenok oso polibalenteak izaten gara normalean.

G: Afizioa ofizio bihurtzea ez da batere erraza. Jauzi hori emateko nire jarduna izugarri dibertsifikatu behar izan dut. Komikigintzaz gain, animazioak, ikus-entzunezkoetarako storyboard-ak, graphic recording direlakoak eta bestelakoak egin behar izaten ditut hilabete amaierara heltzeko. Gainera, luxurik gabeko bizimodua daramat. Justu-justu bizi naiz, baina bizi naiz. Nire aukera izan da horrela bizitzea. Marraztean, poztasuna eta lasaitasuna topatzen ditut eta sentimendu horrek asebetetzen nau.

Komikigile izateaz gain, komikizale ere bazarete? Zeintzuk dira zuen erreferenteak?

L: Betidanik irakurri izan ditut komikiak baina ez nuke esango komikizale sutsua naizenik. Komikigintzaren alorrean Estatu frantziarra beti izan da eredu bat. Hura paradisua da Estatu espainiarrarekin alderatuta eta egile interesgarriak daude. Tamalez, gurean komikigintza ez da behar bezala baloratzen. Euskal Herrian, Asisko Urmeneta asko gustatzen zait eta Xabiroi aldizkarian ere oso lan fina egiten dutela uste dut.

G: Garai batean ez, baina egun mangak erakartzen nau. Dena den, komikiak baino, telebistako serieak gehiago jarraitzen ditut orain.

1980ko hamarkada urrezko aroa izan zen komikigintzarentzat. Gaur egun osasuntsu al dago sektorea?

L: Zaletasun aldetik, bai. Komiki irakurlea ez da oso ugaria baina bai oso fidela. Sortzaileei dagokienean, maila altuko lanak daude eta urtean zehar uzta on bat egoten da. KMK lehiaketan ere iaz biderkatu egin zen partaide kopurua orain dela bi urteko edizioarekin alderatuta. Hala ere, argitalpenen aldetik hankamotz dago kontua. Dena den, azken urteotan sumatu dut jarrera aldaketa bat eta aurrez komikirik argitaratzen ez zuten argitaletxe batzuk hasi dira komikiei tarte bat eskaintzen, albumak atera-tzen, etab.

G: Arazo nagusia da komikigintza izen gutxiren inguruan kontzentratzen ari dela. Jendeak Paco Rocaren edo super heroien komikiak nahi ditu, besterik ez. Autore konkretuak nabarmentzen ari dira, lanen gainetik. Garai batean inor ez zen horren mediatikoa, baina komikizaleek egile askoren lanak ezagutzen eta jarraitzen zituzten.

Euskarazko komikigintza ezagutzera emateko KMK bezalako lehiaketak lagungarri direla uste duzue?

L: Zalantzarik gabe. Tamalez, komikien merkatua oso urria da, zer esanik ez euskarazkoa. Produkzioa bultzatzeko ezinbestekoak dira lehiaketak, baina arazoa betikoa da: lan hauekin gero zer egin? Pena bat da euskarazko komiki argitalpen berritzailerik ez izatea lan hauek plazaratzeko.

G: Euskarazko komikigintzan ere ematen ari da kontzentrazio fenomeno hori. Egile gutxi daude oso ezagunak direnak eta dezente inork ezagutzen ez dituenak. Erdian apenas dago inor. Klase ertaina desagertu egin da komikigintzan. Hortaz, KMK bezalako sariketak egokiak izan daitezke hasiberriak edo ezagunak ez diren egileak motibatzeko.