Irakurtzea ikaragarri gustatu izan zaio betidanik Laida Martinezi (Bilbo, 1965). Bilboko Udaleko Euskara Saileko bulego lanaren atzean ipuinlari saritua ezkutatzen da. Izan ere, eta helduentzako ipuinekin batik bat, hainbat sari eskuratu ditu azken urteotan. Gainera, 2002an, Estatu mailako Haur eta Gazte Literaturako Lazarillo Saria irabazi zuen euskarazko Max lanarekin. Geroztik, Haur eta Helduen Literatura uztartu ditu.
Zorionak sariagatik. Nola jaso zenuen albistea?
Ezustean harrapatu nau. Iaz 100 ipuin inguru aurkeztu ziren lehiaketa honetara, baina aurten 149 izan dira. Argi neukan zaila izango zela guztien artean nabarmentzea. Oso pozik nago, batik bat Anaya argitaletxeak eleberria kaleratzeko aukera emango didalako. Hori luxu bat da niretzat.
Zer kontatzen du ‘Zomorroen Kluba’ izeneko ipuinak?
13 urteko Lucia da protagonista. Konplexu handia dauka oso baxua delako eta ikastolan “labezomorro” deitzen diotelako. Luciak bi lagun min dauzka ikastolan: Alicia eta Paula. Horiei ere zomorroen izenak jarri dizkiete ikastolako neska maltzurrek: Aliciari “inurrierdi” esaten diote eta Paulari, “armiarma”. Arerio horiek berriz “sorginak” dira Lucia eta bere lagunentzat. Bada, Sorginen eta Zomorroen arteko eguneroko tira birak kontatzen dira lan honetan.
Zerk erakarri zintuen literatura sortzera?
Irakurzale amorratua izan naiz betidanik. Nerabe nintzenean hasi nin-tzen nire lehen ipuinak idazten eta lehiaketetara aurkezten; baina unibertsitatean hasi nintzenean, albo batera utzi behar izan nuen. Urte ba-tzuk geroago, euskarazko hainbat literatura lehiaketa hutsik geratzen zirela ikusita, berriro animatu nin-tzen. Gasteizko Udaleko Emakume Zerbitzuak antolatu zuen lehiaketan lortu nuen nire lehen saria.
Haur eta Helduen Literatura, biak landu dituzu. Non sentitzen zara erosoago?
Erabat desberdinak dira. Helduen Literatura batez ere euskarazko ipuinen bidez landu izan dut eta jaso izan ditudan sari gehienak hortik etorri dira. Max lanarekin haur literaturan murgildu nintzen eta, emaitza onak izan zituenez, bide horretatik ere jarraitu dut. Nire baitan oreka bat lortzen laguntzen dit bi alorrak uztartzeak.
‘Max’ lanarekin Lazarillo Saria irabazi zenuen 2002an. Zer suposatu zuen zuretzat sari entzutetsu hori eskuratzeak?
Lan hori mugarri izan da nire ibilbidean, Haur Literaturan barneratu eta jarraitu ahal izatea eskaini zidalako. Gainera, Lazarillo saria lortu zuen euskarazko lehen lana izateak ere ilusio handia egin zidan. Edelvives argitaletxeak gaztelaniazko bertsioa argitaratu zuen, Los líos de Max izenburuarekin. Ibaizabalek euskarazkoa, jatorrizkoa alegia, argitaratu zuen, Max bazterrak nahasten izenburupean. Haren jarraipena diren hainbat eleberri idatzita dauzkat. Ondo bidean, Ibaizabalek aurten argitaratuko du bigarren partea: Max eta lehengusinaren bisita.
Sariek bide asko irekitzen dute ala sinbolikoak dira gehien bat?
Askorentzat prestigioa egon daiteke jokoan agian, baina niretzat garran-tzitsuena irakurlearengana heltzea ahalbideratzen dutela da. Idazten dudanean irakurleengan pentsatzen dut beti eta sariek irakurleak eduki-tzeko aukera ematen dute. Kasu honetan, nire lana Anayak kaleratuko duenez, gazte askorengana heltzeko aukera izango dut. Hori da niretzat garrantzitsuena.
Ez zara jaiotzez euskal hiztuna, baina gaur egun euskara duzu sortze hizkuntza.
Nagusi garaian ikasi dut euskara, euskaltegian. Oposizioak presta-tzeko ondo zetorkidan eta, gainera, betidanik asko gustatu izan zait euskara. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago ikasi nahi nuen. Gerora, euskaraz idazten hasi nin-tzen eta, ondo joan zaidanez, horrela jarraitu dut. Gustora sentitzen naiz euskaraz idazten.
Aurrera begira zer beste proiektu duzu esku artean?
Proiektu bat baino gehiago ditut. Alde batetik, irakurketa erraza lan-tzen ari naiz, literatura mota hori euskaraz gutxi landu delako. Irakur-tzeko orduan arazoak dituztenengan pentsatuta dago irakurketa erraza. Arau jakin batzuk daude eta dena modu berezi batean egokitu behar da: esaldiak laburrak izan behar dira, ezin da aditz bat baino gehiago sartu esaldi berean... Nire testu batzuen bidez irakurketa erraza lantzen ari dira hainbat ikastoletan. Gainon-tzean, irakurtzen baino gehiago, dokumentatzen ari naiz batez ere, eleberri historiko bat idazteko asmotan nabil eta.