Leire Salaberriak (Andoain, Gipuzkoa, 1983) irabazi du 2014. urteko Etxepare Saria. Gipuzkoarraren Hiltzaileak lana izan da garaile Nafarroako udal eta mankomunitate batzuetako euskara zerbitzuek, Pamiela argitaletxearen lagun-tzarekin, antolatzen duten haurrentzako euskarazko bilduma ilustratuen lehiaketan. “Ideia euskal hitz batetik sortu zen , eta hitz-joko gisa proposatu nuen ideia nagusia. Hiltzaileak da albumaren izenburua, baina ezohiko hiltzaile mota batekin jolastu dut. Liburua irakurri ahala jabetuko da irakurlea hiltzaileak nor-tzuk izango diren, zer egiten duten?”, dio Salaberriak. Eta ezustekoa amaieran helduko da, hiltzaileak hiltzaile ez direla (edo bai, hiltzaile badirela) orduan jakingo baitu irakurleak.

Istorioa joko eta asmakizun moduan planteatu zuela dio ilustratzaileak, horretarako umorea eta intriga baliatuta. “Irudiek laguntzen dute pista ba-tzuk ematen, baina lehen irakurketa batean batzuk ohartuko dira zeri buruz ari naizen eta beste asko ez. Umeentzako liburu bat da, beraz, askotan gurasoak kontakizunaren nondik norakoaz jabetuko dira, baina haurrek ez dute amaierara arte jakingo hiltzaileak nor-tzuk diren”. Irakurketa bi proposatzen ditu, behintzat, andoaindarrak. “Lehenengo irakurketan intriga nagusituko da eta buruari eman beharko zaio. Istorioan gauzak gertatzen ari direla ikusiko du irakurleak, baina intriga hori bigarren irakurketa batean umore bihurtuko da: hiltzaileak zeintzuk diren jakinda, ordura arte emandako pistez jabetuko da irakurlea, irudietan oso garbi ikusten delako guztia”. Beraz, adarra jotzea da helburua, arriskatua izan arren. “Arriskatzen ez baduzu, ez dago ezer, eta jolas polita dela uste dut, betiko istorio bera eta printzesen amaiera polit bera erabili gabe”. Hortaz, ez da umeei soilik zuzendutako liburua.

Teknika kontakizun Irudiak pirografia teknikaren bidez osatu ditu Leire Salaberriak. “Egurra pirografo puntekin erretzean sortzen diren lineatan oinarritzen da pirografia. Hiltzaileak albumeko irudiak linea askorekin osatuta daude, testurak sortu ditut, eta grafismo desberdinak erabili ditut. Azken batean, teknika horrek kolore ilunak sortzen ditu, marroia eta beltza, adibidez. Egurra bera nahiko argia denez, bi tonu horiekin jolastu dut, eta, gainera, akrilikoarekin gorria jarri diet gainetik. Gorriak suari egiten dio erreferentzia, baina irakurlea horretaz ez da amaierara arte konturatuko”. Ilustratzailearen arabera, bigarren edo hirugarren irakurketa bat beharko da ikusteko teknikak ere zerikusia daukala gaiarekin.

Emaitzarekin gustura geratu da gipuzkoarra. Hasieratik jakin zuen liburu berezi bat izango zela; Etxepare sariketarako sortu zuen beren-beregi. “Euskaraz funtzionatzen duen istorio bat da, gaiarengatik-eta. Baina saria irabazterik ez nuen espero, nahiz eta esperantza txiki bat beti izaten den, eta pozgarria izan da”. Hala ere, ez da Salaberriak eskuratutako lehen Etxepare Saria; izan ere, 2011. urtean sari bera lortu zuen Euria ari duenean lanarekin.

Azken urteetan eginiko lanetan eboluzio bat egon daitekeela uste du, esperien-tzia handia hartu duela; baina garapen horri baino lan bakoitzean zerbait berria egiteari ematen dio garrantzia: “Liburu bakoitzak bere nortasuna izatea gusta-tzen zait, estiloa eta arima nirea izango ditu, baina gaiaren arabera zerbait berezia eman nahi izaten diet lanei. Horregatik, egin dudan liburu bakoitza mundu bat da”.

Beraz, argi dago euskal ilustrazioa bizi-bizirik dagoela, gaztea bezain konformagaitza dela. Eta Leire Salaberria da horren adibide: iruditik irudira, irudimenari ere punta zorrotz-zorrotz eginda.