Deserriaz, genero identitateaz, protagonistez? Literaturaz
Hendaiatik Bilboraino, Euskal Herri osoa igaro du Literatura Eskola ekimenak, urritik maiatzera bitartean
Literatura ardatz hartuta, gai ugari eta molde askotakoak landu dira aurten ere Literatura eskolan. Hilero larunbat goiz bat hartu eta lau orduz batu izan dira literaturazaleak aldian aldiko idazle, literatura aditu zein unibertsitate irakasle baten gidaritzapean.
Generoa eta nazioa Amaia Alvarezek (Bilbo, 1978) Katalina Eleizegi eta Katalina Erauso. Genero eta nazio identitateak euskal antzerki modernoan izenpean eman zuen otsailean bere Literatura eskola Gasteizko Ignacio Aldekoa kultura etxean.
Naziotasunak eta generoak elkartzen ditu Katalina Eleizegi ( Donostia, 1889 - Lizarra, 1963) eta Katalina Erauso (Donostia, 1592 - Veracruz, 1635), Alvarezen ustez. Lehena aitzindaritzat har daiteke XX. mendeko euskal antzerkigintzan. Bigarrena, berriz, XVI. mendeko moja-soldadua zen. Bata zein bestea aztertuz gero, genero identitatea eta nazio identitatea presente dauden kon-tzeptuak dira. "Euskal sentimendua legoke nazio identitatearen atzean, zer aukeratzen dugun eta zer inposatzen diguten. Genero identitatearen baitan, berriz, emakume zein gizon izatea nola bizi dugun, nola sentitzen dugun".
Tradizioaren eta modernitatearen arteko talkaren isla dira Erauso eta Eleizegi. "Historian zehar emakumeek onak izan behar izan dute, zintzoak, kristauak eta amaren papera esleitu izan zaie beraien erabaki eskumenetik kanpo", baina hizlariak azaldutakoaren arabera, rol hori ez zetorren guztiz bat bere unibertsitate-tesiko oinarri diren emakume biekin.
"Katalina Erauso moja sartu nahi izan zutenean, berak Amerikara ihes egin zuen gizon jantzita. Bertan merkatari eta soldadu izan zen eta emakume birekin nolabaiteko harremanik ere izan zuela uste da. Emakume horietako bat, baina, ezkonduta egon eta bere senarrarekin izandako duelu batean zauritu egin zen Erauso. Horren ondorioz aitortu behar izan zuen emakumea zela, eta soldadu izanik eginiko lana medio eta birjina zela frogatu ondoren, bere bizia salbatu ahal izan zuen", kontatu zuen Alvarezek. Kontinente zaharrera itzuli zenean, baina, mutil jan-tzita ibiltzen uzteko eskatu zion Aita Santuari, eta Espainiar Erresumako erregeari soldata bat galdegin zion erresumaren alde eginiko lanaren ordainetan. "Eskaera biek baiezko erantzuna jaso zuten".
Erausoren historia zein istorioa batu zuen Katalina Eleizegik Erauso Kateriñe (1962) liburuan. Alde batetik, transgenero terminoaren inguruan eraikitako identitate-gatazka azaleratu zuen Eleizegik, eta beste alde batetik, klaseen arteko gatazka, "morroiak liluratuta jarraituko dio Katalina Erausori bera doan leku guztietara", dio Alvarezek. Honek garrantzitsutzat jo-tzen ditu Katalina Eleizegik euskal literaturari eginiko ekarpenak: "Batetik ideal hegemonikoaren aurrean identitatearen mugak gainditu zituen eta marigizona estigmari aurre egin zion, eta bestetik, erakutsi zuen identitatea ez dela finkoa eta hertsia, hots, gatazkatsua eta dinamikoa dela".
Hitzak aberri Durangon ospatu ohi den Zilar Astea ekitaldi kulturalak migrazioak izan zituen oinarri aurtengo edizioan, eta testuinguru horretan kokatu zen martxoko Literatura eskolako topaketa ere. Sorterritik urrun. Migrazioak euskal literaturan izenburupean, euskaldunek kanpora alde egin behar izan dutenean idatzi izan dutena eta kanpotik etorritakoen gainean idatzirikoa izan zuen ardatz Gotzon Barandiaranek (Larrabetzu, 1974) gidatutako jardunaldiak.
Literaturatik gogoetatik adina izan zuen saio hau zalantza batetik abiatu zen: Zer da migrazioa? Hautazkoa ala derrigortuta egindako bidaia bat da? Ondorioetako bat izan zen ez direla gauza bera, besteak beste, Joseba Sarrionandiak erbesteratu politiko izatearen ondorioz deserritik idatzi izan dituen testuak, edo Pedro Mari Otañok idatzi zituen bertsoak lan bila Amerikara joan ostean, testuak ez direlako berdinak, eta idatzi dituztenen egoerak ere ez.
Durangon plazaratutako galdera askori Sarrionandiak berak jar zekiekeen ahotsa: "Geratu egiten gara ala joan? / Hala ere, geratzen garenean ez gara apur bat joaten? / Eta joaten garenean ez gara geratu egiten? (...) Abiatzen dena ez da egundo inon geratuko? / Ala itzuliko da? Baina, itzultzen dena abiatu zen lekura itzultzen da ala?".
"Artzain joan izan denak bere egonleku berriaz abesten du, bere bizi-baldintza kaskarren inguruan idazten du. Baina derrigortasun politikoak bultzatuta joan izan direnek ez dute kontatu izan emigratu duten herri horretan zer gertatzen den, Euskal Herrian baleude bezala ida-tzi izan dute gehietan. Onartu ere ez dute egin izan erbestean daudenik".
Baina nola idatzi izan dugu kanpotik etorri direnen inguruan? Euskaldunak kanpora joan direnetan bakoitzaren bizipenetik idatzi izan dutela izan zen ondorioetako bat, baina etorkinen inguruan idazterakoan fikzioa dela nagusi. Horrelako testu bat aztertzerakoan idazleek hartzen dituzten ikuspuntuak desberdindu behar direla adierazi zuen Barandiaranek; ez dela gauza bera etorkinak ikuspuntu arrazista batetik salatzea, edo beraiekiko enpatiaz idaztea.
Kasu batean eta bestean, ikuspuntua erabat desberdina dela izan zen ateratako ondorio nagusia. "Euskal Herritik kanpora joan garenetan bi jokamolde nagusitu dira historikoki: gure herritik kanpo gaudela onartu eta hartu gaituen herria aintzat hartzea edota atzerrian egonda ere burua Euskal Herrian dugula idaztea. Kanpotik etorri direnei buruz idazterakoan, berriz, ikuspuntuak hainbat izan direla esan daiteke: epairik egin barik idaztea, etorkinei ahots propioa ematea... Baina hirugarren erpin bat faltako litzateke Euskal Herriko literaturan, literatura eskolara gerturatutakoen irudiko, Euskal Herrira etorri direnek idatzi dutena ezagutzea, hain zuzen ere.
John Cheever 2012-2013 ikasturteko Literatura eskolak Bilbon izan zuen agurra maiatzaren 25ean. Azken ekitaldiak luxuzko gonbidatu bi izan zituen; batetik, Harkaitz Cano (Lasarte, 1975), Twist liburu golardatuaren autorea, eta bestetik, John Cheever (Massachusetts, 1912-New York, 1982) idazle estatubatuarra. Canok Cheeverren nondik norakoak izan zituen min-tzagai.
Gure artean, Raymond Carver eta bere errealismo zikina John Cheever baino estimatuagoak direla adierazi zuen Canok: "Baina azken urteotan, horren izen hedaturik eduki ez duten beste idazle estatubatuar batzuk ere heltzen ari zaizkigu".
Carverren idazteko era minimalista dela esan zuen lasartearrak, ezer gertatzen ez denetan gertatzen den hark omen du garrantzia; Cheeverrekin, aldiz, alderantzizkoa gertatzen omen da, "gehiagorekin gehiago kontatzen da haren lanetan. Barrokismoa, ametsak? denerako lekua dago haren nobeletan".
Cheeverren kasuan, haren ipuingintza nobelagintza baino preziatuagoa dela aipatu zuen Canok; hala ere, estatubatuarraren nobelak ez dira arbuiagarriak inondik inora, Wapshot familia ardatz harturik The Wapshot Cronocle eta The Wapshot Escandal nobelak izanik aipagarrienak. "Nobela ederrak dira bi horiek, fantasia eta irudimen handikoak. Kontatzen dituen gauzen sineskortasuna ez da hain handia, baina ez du inporta, hori delako kontatzen dituen gauzen errealismoarekin bat doana".
Egunerokoak ere utzi zituen Cheeverrek bere ondasunen artean, eta horiek ba omen dira estilo carvertarrekoak. Canok aipatutakoaren arabera, eta Cheeverren semeak idatzitako testu batek dioenez, estatubatuarrak bere burua sendatu nahi izaten zuen egunerokoen bitartez. Lasartearraren hitzetan, Alan Pauls kritikariak, adibidez, Cheeverren egunerokoak haren obra mardularen emaitzarik gorengo-tzat jo zituen.
Gizon erlijioso, alkoholiko eta tendentzia suizidadun honen lehen editore eta The New Yorker aldizkariko sortzaileak, Harold Rossek, hain ipuin etsigarriak zergatik idazten zituen galdetu omen zion Cheeverri, baina etsigarriak izanik ere ezin ziola ipuin horiek erosteari muzin egin, gaineratu. Eta ugariak dira Cheeverrek argitaratu narrazioak. Horietariko asko, gainera, The New Yorker aldizkari garrantzitsuan argitaratu zituen, besteak beste, pantaila handira eramandako The swimmer narrazioa.
Canoren arabera, idazle poetikoa eta elaboratua zen Cheever, Carver baino erreferentzialagoa eta erudituagoa. Eta bizimodu arruntegia izan ez zuen idazle honek jarri zion azken puntua ikasturte honetako Literatura eskolari.