Autoz noa. Hiri handi batera sartzen ari naiz. Eta beste hiri handi batzuetara sartzean bezala, gauzak gordetzeko pabiloiak ikusten ditut. “Ez daukazu tokirik zure etxean? Lasai, guk gordeko dizugu nahi duzuna”. Gauzak gordetzeko metro karratu bakoitzeko kobratzen duten enpresak dira, denek daramaten euren ingelesezko deituretan space hitza. Eta han uzten du jende askok non gorde ze dakien hori guztia.
Pilatzen goazen gauzek eragiten diguten kargari buruz pentsarazi dit. Hainbeste gauza pilatzen ditugu, batzuetan bizkar gainean daramatzagula sentitzen dugu. Garai batean erosi genuen eta urtetan erabili ez dugun bizikleta estatikoa, etxera etorri zen saltzaile baten saldu zigun aspiragailu supersonikoa, inoiz erosi genituen abrigoak (gehiago sekula jarriko ez ditugula badakigunak, baina badaezpada hor ditugunak), urtetan erabili ez ditugun mendiko botak, urdaiazpikoa mozteko aparatua (behin bakarrik erabili genuena); bere garaian modernoa zen zuku-makina handi bat bere kutxan gordeta; botatzea pena ematen digun entziklopedia zahar bat…
Behar ez ditugun gauzez inguratuta bizi gara. Apaletan, tiraderetan eta trastelekuetan pilatzen diren objektuak, bakoitza gehiegi pentsatu gabe hartutako erabaki baten froga isila balitz bezala. Munduak horretara bultzatzen gaituelako erosten dugu: iraungitzen diren eskaintzak, astero aldatzen diren joerak, zoriontsuagoak izango garela agintzen diguten iragarkiak. Espazioa falta zaigu, baina baita argitasuna ere hainbeste trasteren artean.
Agian benetako erronka ez da gure gauzak ordenatzea edo leku berriak aurkitzea haiek gordetzeko, gure arrazoiak ordenatzea baizik. Space hori agian geure buruan behar dugu gehiago gure ganbaran baino. Espazio pixka bat argitasunez pentsatu ahal izateko zer bilatzen dugun benetan hau eta bestea erosten dugunean. Zein hutsune den bete nahi duguna. Gure barneko zein space huts.