Historian zehar, botere-borroketan jardun duten eta egun badiharduten arerioek sarriegi erabili dute eta badarabilte irizpide hau: nire arerioaren arerioa nire laguna da. Egiak, ostera, hauxe dio: “Nire arerioaren arerioa ez da nire laguna”. Egitate historikoa da. Esaera horren oinarrian enpirikotasuna dagoela adierazteko, historiako hiru ale ekarriko ditut lerrootara.

Lehen Mundu Gerra bizi-bizirik dago. Prusiako enperadore Gillen II.ari eta haren gobernu autoritarioari egoki begitandu zitzaien Suitzan olgetan zebilen errusiar alfer eta traidore bat kontratatzea Tsarraren Errusiaren armadan matxinadak sortu eta soldaduek frontea utz zezaten. Bada, lanik sekula egin ez zuen burgesia txikiko komunista kolpista hari esker, Errusiako gudu zibilean 7-12 milioi lagun hil ziren, eta gosete handi bitan 10-13 milioi lagun. Prusiako Inperioa, berriz, galdu egin zen.

1927an guduan ari ziren elkarren aurka Chiang Kai-shek eta Mao Zedong. Japoniako Inperioa 1894tik zegoen Txinan, eta gudu zibilean esku hartu zuen. 1945ean Japoniak, Bigarren Mundu Gerra galdu zuenean, alde egin zuen Txinatik. Komunistek gudu zibila 1949an irabazi zuten eta 30 milioi lagun inguru hil ziren goseak jota. 1972an Japoniako presidenteak Mao Zedongi barkamena eskatu zionean Txina inbaditzeagatik, Maok japoniarrari eskerrak eman zizkion, Japoniari esker irabazi zuelako gudu zibila.

Osloko 1993ko akordioen arabera, Palestinako Aginte Nazionala gobernatzen hasten da Zisjordanian eta Gazako Zerrendan. Solomo Ben Amik garaitsu hartan salatu zuen Israelgo Estatuak Hamasi ezkutuko laguntzak ematen zizkiola Palestinako Aginte Nazionala uzkailtzeko. Horrela, hauteskundeak egin zirenean, Gazako Zerrendan Hamas izan zen garailea, eta beste hauteskunderik ez da izan. Israelgo Alderdi Laboristako aitzindariak esan zuen lez, gaur egun Israel larrutik ordaintzen dabil bere ume mukerraren aldarte txarrak. Israel sekula baino bortitzagoa da, baina indartsuagoa da? Ez dut uste.