Guk uste dugu koherenteak garela geure bizitzako arlo, egoera, jazoera eta enparauko eremu guztietan. Horixe uste dugu; baina hori, gomuta gisa, ustel gertatzen da; esaera zaharrak dioenez, usteak uste, erdiak ustel. Geureari doakionez, gehienetan ustel. Hori erakusteko modurik argiena eta garbiena aleak aipatzea da. Aleok ipintzen ditugunean, geure buruarekin zintzo jokatzen badugu behintzat, konturatzen gara zutabe honetan behin baino gehiagotan azaldu dudana, norberak nahi izan ez arren, horrelaxe dela.

Dakargun ale bat bidezko defentsaren gainean. Egin-eginean ere, Jose Antxieta josulaguna izan zen indioek kolonialismoaren aurrean zituzten eskubideak aldarrikatu eta aldeztu zituzten lehenengoetako bat. Ematen du euren burua iraultzaile jotzen duten guztiek bat etorri behar luketela ikusmolde horrekin. Orduan zelan azal daiteke iraultzaileok Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoa defendatzea? Zelan defenda daiteke Txinak mundu zabaleko hainbat herrialdetan lurrak okupatzea, orain gutxi Estatu Batuek egin zuten legez?

Dakargun ale bat nork bere identitatea agertzeko duen eskubidearen gainean. Hain zuzen ere, gaur egun Euskal Herrian Espainiako bandera ez da eraikuntza ofizialetan bakarrik ageri. Geroago eta gehiagotan ageri da norbanakoengan, dela jantzietan, dela bestelako objektuetan. Hori ikusieran, neure buruari itauntzen diot ea zelan ausartzen diren Espainiako bandera aldean eroaten. Eta bat-batean eta berehala konturatzen naiz nik ikurrina, euskal bandera, aldean eroateko eta jendaurrean erakusteko daukadan eskubidea bezain zuzena dela espainiarrok dutena.

Eta orduantxe konturatzen naiz disonantzia kognitiboa nik neuk jasaten dudala. Orduantxe konturatzen naiz koska ez dagoela zertan, ezpada norengan. Non dago koska: eginean ala egilearengan? Inork egiten duena txarra da, baina hori bera egiten dutenak gure idekoak badira, orduan ona da. Eta orduantxe konturatzen naiz azaluskeria aldezten ni neu naizela lehenengoa.