Ze garrantzitsua den norbanako bat, hurkoa, ikusten dugunean hura agurtzea. Ze garrantzitsua den pertsona batek, hurkoak, agurtzen gaituenean hari ere diosal egitea. Ze garrantzitsua den norbanakoz betetako leku batera sartzen garenean han dauden guztiei agur egitea. Ze garrantzitsua den talde batean gaudenean kanpotik etorri eta agur egiten digunari diosala itzultzea. Ze garrantzitsua den gure hurkoekin zintzotasunez jardutea. Ze garrantzitsua den geure esku dauden kontu txiki horiek egitea geure gizatasunari eusteko.
Ze garrantzitsua den gure bihotza gu bezalakoa ez denari zabaltzea. Ze garrantzitsua den gure jardunak ingurukoen eskubideak zaintzea. Ze garrantzitsua den hurkoei gure eskubideak zainaraztea. Ze garrantzitsua den nork besteen ohiturak onartzea. Ze garrantzitsua den nork besteei geure ekanduak gordearaztea. Ze garrantzitsua den elkarrekin egunean-egunean eraikitzen dugun gizartean eskubideak bezala eginbeharrak berdin zaintzea. Ze garrantzitsua den oinarrizko begirunea elkarri zaintzea geure gizatasunari eusteko.
Ze garrantzitsua den norbanakook sare antisozialetan barik buruz buru jardutea. Ze garrantzitsua den hurkoei makinez barik begietara begiratzea. Ze garrantzitsua den gizakiok leku batean gaudenean aldamenekoei aurrez aurre begiratzea. Ze garrantzitsua den inguruan ditugunen izenak jakitea. Ze garrantzitsua den gure arima hiltzen ez uztea. Ze garrantzitsua den ondoan ditugunen arimak berdin tratatzea geure gizatasunari eusteko.
Ze garrantzitsua den geure buruarekin egunean-egunean berba egitea. Ze garrantzitsua den geure eginbeharrak geure sinesteez galbahetzea. Ze garrantzitsua den geure barruko sinesteak kanpoko sineste ustekoez ordezten ez uztea. Ze garrantzitsua den geure hurkoekin ditugun harremanak begirunean dautzala bermatzea. Ze garrantzitsua den geure bizimodua lurreko heriotzatik harantzago doala sinestea. Ze garrantzitsua den pertsona egiten gaituzten osagaiak zaintzea geure gizatasunari eusteko.