Kirolaren eta politikaren arteko harremanak mintzagai izan da azken egunotan Espainiako “La Vuelta” dela eta. Harrigarria da, eta etsigarria, konprobatzea batzuentzat oraindik kirol profesionala dela mundu honetan dagoen ekintzarik garbiena, aratzena, ororen gainetik dagoen konturik sakratuena, erlijio bat ia-ia. Historiak behin eta berriz erakutsi digu kirolaren eta politikaren arteko harremana estua izan dela, baina ez da beharrezkoa iraganean oso atzera joatea, azken hiru urteotan Errusiarekin eta Israelekin gertatu dena erkatzea nahikoa da egiaztatzeko kirol munduak berehala aukeratzen duela bando bat. Agian batzuek uste zuten Israelgo Estatuak Gazan burutzen duen genozidioa oharkabean pasatuko zela Israelgo talde bat errepideetan lasai asko ibiltzen zen bitartean, baina Gazako triskantza gero eta jende gehiagori gero eta jasanezinagoa egiten zaionez eta Europako jarrera gero eta ulergaitzagoa, protestak eztanda egin du halabeharrez.

Lotsagarri gelditu dira protestak lotsagarriak zirela adierazi zuten agintari jeltzaleak, Aburto alkatearena (“Ez, ez eta ez”) ume mainatu baten kasketaldia zirudien, eta uste dut jende gehienaren iritzietatik oso urruti daudela, zeren, eta mila aldiz errepikatuko dut, Gazakoa jasanezina baita. Jasanezina. Gainera, agintari jeltzaleak zein kirolzale puristenak ergel gelditu dira Netanyahuren eta Sylvan Adams-en hitzen ostean, haien helburu garbia Israel zuritzea, Isrealen aurpegia garbitzea, baita kirolaren bidez, Adamsek Israel hitza Israel Premier-Tech taldeko txirrindularien elastikoetatik kendu berri badu ere.

Bilboko hiriak eman duen irudia ere erabili da argudio moduan. Ez gara ados jarriko, nire ustez Bilbok oso irudi ona eman zuen, beharbada ez nazioarteko ekitaldi masiboak erakartzeko, baina ziur gaude hori dela herritarrek nahi eta behar dutena? Nazioarteko ekitaldi masibo txotxoloetan xahutzen den dirua beste nonbait erabil daiteke, zer dakit nik, abuztuan bibliotekak irekita mantentzeko, adibidez. Barkatu, badakit ideia hori zorakeria besterik ez dela. l