Aste Nagusia hitzordu itzuriezina da bilbotarrontzat. Joan den asteburuan Marijaiak besoak berriz zabaldu eta dantzan hasi zen Arriagako balkoitik, Doctor Deseo taldeko Francis Diez musikariak kantak eskaini zituen eta Olatz Agirre konpartsakideak txupina bota zuen azkenean. Behean jendetzaren zoramenak eztanda egin zuen. Handik hona parranda, jaia eta gustu guztientzako mila jarduera izango dira hiritarron gozamenerako, batez ere txosna gunean.

Aurtengo jaietan nagusitu den leloa Errespetu Nagusia izan da. Eta horren bidez, gure jaietan eraso matxista, arrazista eta LGTBIQ+fobikoak ez gertatzeko mezua zabaldu nahi izan dute Bilboko Udaletik. Beraz, aurten, balizko eraso horiek prebenitzeko eta desagerrarazteko estrategia koordinatu bat adostu da, Bilboko jaietako espazioak libre eta modu seguruan bizi ahal daitezen. Horixe baita, Marijaiaren figurak betidanik zabaldu eta adierazi nahi izan duena, gureak errespetuzko eta berdintasunezko jaiak direla.

Alkohola ez da izaten lagun ona horrelako makrojaietan eta beti izaten da astakirtenen bat bestelako eskubideak dituela pentsatzen duena. Matxista horiei argi eta garbi esan behar zaie: eraso sexistei ez!, gorroto eta arrazakeria eta LGTBIQ+fobia izaerako erasoei ez!

Masifikazioa ere probetxuzko eremua izaten da ebasleentzat, eta ondorioz, lapurretak ohikoak izaten dira Bilboko jaietan, horretako errespetu gutxi gordetzen da eta. Irakurri dudanaren arabera dozena bat pertsona atxilotu ditu Bilboko Udaltzaingoak Aste Nagusiko lehen egun hauetan lapurretak direla eta.

Oraindik egun dezente falta dira urteko jairik potenteenak amaitzeko. Hortaz disfrutatu, beti ere, errespetuz.

Badirudi errespetua ere berreskuratu duela Trump zoroak Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin Washingtongo Etxe Zurian izan duen bileran. Elkartu ziren azken aldian, izokin koloreko azala duen Trump oso modu adeigabean aritu zen Zelenskirekin.

Ea bilera horiek, beti errespetuan ere oinarriturik, han dagoen gerra krudela laster amaituko duelako albistea dakarten. l