Aitortu behar dut Txiki eta Otaegiren olana ospetsua hedabideetan ikusi nuen lehen aldian argazkiari begira gelditu nintzela luzaro, batez ere 1975-2025 biribil horri, eta ez niola irudiarekin batera zetorren testuari kasurik egin, nire gogoetan galdu bainintzen: berrogeita hamar urte, azkar joaten zaigu denbora; diktaduraren azken fusilamenduak; hildako beste hirurak, FRAPekoak; eta orain dela gutxi berrirakurri dudan liburua, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, hartu eta fusilamenduaz dauden zenbait pasarte lazgarri bezain eder berriro leitu nituen. Urtemuga tristea, benetan.

Egun batzuk geroago jakin nuen olanak berebiziko polemika ekarri zuela Zarauzko udalak kendu baitzuen “landa-inguru batean” zegoela argudiatuz. Egia esan, hasieran ez nekien ere pankarta Zarautzen jarria zutela, eta oraindik ez dakit landa-inguru horrena zer den zehazki. Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendariaren adierazpen lotsagarriak etorri dira gero, Txiki eta Otaegi biktimak direla, bai, baina ez direla askatasunaren aldeko eta diktaduraren aurkako borrokalariak, eta ez dutela oroimenik edo gorazarrerik merezi “Euskadiz zuten ikuspegia inposatu nahi zutelako”. Nola? Alonsok ba al daki zein izango litzatekeen Txiki eta Otaegiren ibilbide politikoa fusilatu ez balituzte? Zerbait daki garai hartako beste borrokalarien ibilbideez (ez dut izenik emango)? Diktaduren kontrako borroka-bideez ere lezioa eman digu lotsarik gabe. Eta gizona oraindik da Gogora institutuko zuzendaria. Azalduko al digu norbaitek zergatik?

Azkenean nor eta Urkullu bera atera da plazara gogoratzeko Eusko Jaurlaritzak 2012an ofizialki aitortu zituela Txiki eta Otaegi biktima moduan, eta begirunea merezi dutela.

Begirunea, oroimena eta gorazarrea, nire ustez. Badirudi batzuei berehala ahaztu zaiela zer izan zen frankismoa: Franco ohean hil baino bi hilabete lehenago jendea fusilatzeko gai izan zen erregimen ankerra, besteak beste. Gero eskandalizatuko dira gazte batzuk “bibafranko” entzuten dituztenean.