Amona bakarra ezagutu nuen, amaren ama, Ramona Etxenagusia. Oyarzungo “Palacio” baserrian jaioa. Txikitan baserri inguruko zelaietan txerri zaintzaile. Koskortu ondoren Donostiara etorritakoa neskame gisa Konstituzio plazako etxe batetara. Eta etxeko semeetako batekin ezkondu, Manuel Arizmendi izena zuena nire amaren aitak. Ez nuen ezagutu, bera hil eta gutxira jaio omen nintzen Donostiako Kanpanario kalean. Txistulari trebea omen, Ansorena zaharrarekin ibilitakoa. Euskal dantzen maixu trebe eta sortzailea. Añorgako Cementos Rezolako fabrikako atezaina. Nire aitaren aldetik berriz ez nuen inor ezagutu. Aitaren aita Fortunato Bujanda, Donostiako Antiguako Matia kalekoa eta ama Luisa Sarasola Igeldoko baserri batetako alaba. Fortunato Bujandaren aita Nafarra omen zen Iguzkitza herrixka ingurukoa, Praisku Bujanda omen, Karlista sutsua, amorratuen artean amorratuena hirugarren guda karlistan guztiz kementsu ibilitakoa etsai liberalen aurka. Nire aitaren amak, Luisa Sarasolak, aita baserritarra Igeldon, Joxe Sarasola hain zuzen, liberal amorratua, amorratuen artean amorratuen horietakoa. Karlista bat, Liberala bestea. Ay amatxito maitea!! Beraz, senitarteko eguberritako afari eta bazkaritan, Praixku Bujanda eta Joxe Sarasola aurrez aurre mahai berean. Fortunato eta Luisa urduri. Fortunato gainera EAJkoa. Erlategia. Nire aita Inosenek kontatu ohi zidan batzuetan gogoan zuela txikia zelarik bere aita Fortunato eta ama Luisaren buruhausteak erabakitzeko orduan nor-non eseri, Praixku eta Joxe, non kokatu-zein aulkitan. Gainera Praixku karlistak oturuntzetarako paparrean jartzen omen zituen guda zelaian irabazitako medaila guztiak. Prestatua beraz. Praixku pintxo- pintxo jantzita galoiak nabarmen Joxe agurtzen. Begiradak, zorrotzak, gorrotoa beraien artean. Tentsioa. Fortunato eta Luisa beldurrez, noski. Nire aita Inosen arretaz. Bakoitza bere aulkira. Bi aulkiak mahairen mutur muturrean. Aulkiak aurrez aurre ahalik eta urrutien. Bizitzaren aulkien garrantzia. Aulkiak.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
