Arrakasta militarra. Arrakasta, diote. Bilatzen dena edo desiragarria dena lortzen den egoera, horixe da arrakasta. Orain arrakasta militarra izan da, gerrako arrakasta. Horixe esan du izokin koloreko azala duen zoroak, AEBek Iraneko zona nuklear nagusiak bonbardatu ostean.

Erasoaren zergatia oso arrazoi pisuzkoan topatuko dugu: bertako mehatxu nuklearra amaitzea. Hots, AEBk bonba atomikoa garatu ahal du baina beste inork ez, mehatxua delako. Lehergailu nuklearra mehatxagarria da edonon, baina ez al da mehatxagarriagoa Etxe Zuriko izokin koloreko astakirten horrek botoi gorria eskura edukitzea? Nazioarteko Zuzenbidea urratuz, arma nuklearrak dituzten bakarrak (AEB eta Israel) Irani eraso diote.

Orain bonbardaketa egin ostean, bakea aldarrikatu dute AEBtik. Bakea nahi dute? Nori sinetsiko diogu? Gauza bera egingo dute Palestinan? Bakea aldarrikatu?

Sinesgarritasun guztia galdu dute, eta gezurraren inperioan dira errege.

Netanyahu genozida pozik agertu da Iranen kontra buruturiko erasoarekin, bere herriak bestearen kontrako erasoaldia hasi baitzuen. Israel da eskualde horretako armategi nuklear, kimiko eta biologikoen jabe bakarra.

Atsotitza argia da horretan: Buztarri baten lotzeko modukoak dira, edo Jainkoak egin eta eurak elkarrekin. Eta beti ere, zein baino zein genozidagoa, zein baino zein itsuago, zein baino zein axolagabeago, zein baino zein harroputzago, zein baino zein hiltzaileago.

Egoera ez da samurra. Sortu den nahasmendu eta norgehiagoka belikoak ikuspegi globalago bat hartu ahal du abiadura kontrolaezinean, gutxi hausnartutako ondorio larri batera eraman gaitzakeena.

Ez du ematen kapritxozko eraso irrazionala izan denik. Gehiago ematen du taktika espezifiko baten zantzuak dituen indar-eskala bat dela, eta beti ere, oinarri absurdo baten pean: Israelek bere burua defendatzeko eta bere segurtasuna bermatzeko duen eskubidea.

Madarikatuak izan bitez gerra gaiztoak eta beren bulegoetako erosotasunetik horiek bultzatzen dituzten psikopatak.