Asteleheneko itzalaldiak argi eta garbi erakutsi zigun ahuntzaren gauerdiko eztula garela. Guk esku artean darabiltzagun betiko bitartekoak eta egungo eta etorkizuneko teknologiak ez daude gure esku, gure mende. Hutsaren hurrengoak gara. Milan Kunderaren “Izatearen arintasun jasanezina” geroago eta indartsuago ageri zaigu. Itzalaldiak argia erakutsi digu jakin dezagun zein ez den hartu behar dugun bidea. Eta itauna ezinbestean datorkit gomutara: noren eskuetan laga dugu geure bizimodua?
Aurrerabidearen edo sasiaurrerabidearen mesedetan geure erantzukizunaren mendeko kontuak egunean baino egunean gehiago uzten ditugu inoren erantzukizunaren eta aginduaren mendean. Aurrerabide hori, baina, ez da erosotasunaren sinonimoa. Hori ez ezik, azken hamarkadetan ikusi ahal izan dugu beldurrak, erosokeriak eta ardurarik ez hartzeko gogoak gehiago ahal dutela gure askatasunak, erantzukizunak eta gogoak baino. Eta itauna berriro datorkit gomutara: noren eskuetan jarri dugu geure etorkizuna? Zer utziko diegu geure seme-alabei eta enparauko ondorengoei?
Horiei gizaki desgizatua uztekotan ari gara, konturatu barik, gainera, hori egiten ari garela, eta, ondorioz, horiei gizarte desgizartetua uztekotan ari gara. Jaungoikoari esker, nik ez dut etorkizun hori ikusiko, baina goibel, itun sumatzen dut. Igarri gabeko kontraesanen gainean eraikitzen dihardugu etorkizun desgizatua. Etorkizuneko tresnek, gizakion bizimodua arindu eta erraztu behar ei digutenek, argi erakusten digute gizakion erabakimenak ez duela indarrik beldurraren, erosokeriaren eta ardurarik ez hartzeko gogoaren aurrean.
Hiesa harreman sexual askeen kontrako fenomenoa izan zen; Dorre Bikiek lortu zuten gure askatasuna segurtasunaren mende jar genezan, COVID-19ak gizakion arteko ia erabateko haustura ekarri zuen; itzalaldiak gure ezintasuna eta mugak agerrarazi dizkigu, eta ez dakigu noren mende gauden, ez dakigu non gelditu den gizakion erabakimena. Eta horrek ba ote digu ardurarik?