Aste zelebrea dugu honako hau. Data deigarriak metatu dira egunotan, udaberriarekin gertatu zen bezala. Gaur, hilak 24, Giza Eskubideen eta Biktimen Duintasunaren Urraketa Larriei dagokienez egia jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna ospatzen da, hala ezarri baitzuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak. Egun hori biktimek eta haien familiek giza eskubideen urraketa larriei buruzko egia eta kontu humanitarioaren urraketei buruzko egia ezagutzeko duten eskubidea aitortzeko erabiltzen da. Egia berdaderoa ezagutzeko eguna, hortaz.

Zenbat herrialdek ezkutatzen dituzten hilketen gaineko arrazoiak eta egiak. Burura etortzen zait Mexiko herria. 2024an, desagertutako pertsonen kopururik handiena eman zen, 31 mila pertsona baino gehiago desagertu ziren, arrazoiak jakin gabe. Normalean, baliabide gutxiko pertsonak dira desagertzen direnak. Desagerturiko gizonak 15 eta 35 urte bitartekoak dira, eta desagerturiko emakumeak, 15 eta 19 urte bitartekoak. Gizonen desagerpenen eragileak krimen antolatuaren taldeak dira, asko organoen salmentaren biktimak izan ziren. Emakumeen desagerpen kasuak, pertsonen salerosketarekin edo sexu-esklabotzarekin lotuta daude.

Laborrizkoa da Mexikoko desagertzeen fenomenoa, eta gainera bakarra munduan. Herri horretan ez dago inolako gatazka deklaraturik, ez dago Ukrainan eta Errusian gertatzen den gerra bat, ez dago palestinarren kontrako genozidioarekin zerikusirik duen beste borrokarik, eta halarik ere, bertako biolentzia muturrekoa da.

Gaurko eguna heldu baino lehen, atzoko 23a bizi dugu, eta egun horretan, Liburuaren Eguna ospatzen da. Aurreko gaia eta liburuak lotzeko, Roberto Bolañorekin gogoratu naiz. 2666 izeneko lanean, Mexikoko Santa Teresa hirian gertatutako emakumeen hilketak kontatzen ditu oso modu deskriptiboan. Lan harrigarria da 2666.

Liburuaren egunean elementu horien balio handia aldarrikatzen da. Liburuak funtsezkoak dira hezkuntza eta kultura eskuratzeko, bai eta transmititzeko ere. Liburuak faxismoaren kontra borrokatzeko armarik ederrenak dira, inteligente bilakatzen gaituztelako.