Badirudi jendeak ez dakiela zer pentsatu Trump presidenteari buruz. Batzuen aburuz, eroturik dago, arriskutsua da, eta aurrera eraman nahi dituen trumpkeriek munduan anabasa, munduaren amaiera ez esategatik, sortuko dute bai ala bai. Beraz, serio hartu beharko genuke gizon laranja kolorekoa, okerrenerako prestatu eta erantzun sendoa antolatu. Beste batzuen iritziz, ez dago ematen duen bezain erotuta, politika argiak (neoliberalak, eskuin muturrekoak) ditu, eta egunero botatzen dituen gehigikeriak negoziazio estrategia ezagunaren parte baino ez dira. Beraz, negoziaketak abian jarri beharko genituzke (edo ez, horretan ere desberdintasunak daude) ekaitzetik onik atera nahi badugu. Biek ados daude gauza batean: oraindik ikusteko dagoela nora ari garen joaten. Ez dakit zenbat denbora eman beharko dugun zain ikusteko nora ari garen joaten, baina iruditzen zait denbora asko xahutzen badugu horrela, zain, agian konturatzen garenerako, ez dela erremediorik egongo.
Beharbada bi ikuspuntu horiek ez dira hain kontrajarriak; nire lagun baten amak, adinean sartuak, zera esan du Trumpi buruz: “Hoi ezta erua, hoi, ero gaiztua”. Gaiztoa, inolako errukirik gabekoa, bere interesak bakarrik begiratzen dituen pertsona. Gaiztoa eta ausardia zoroaren eta ez hain zoroaren jabe. Eta Trumpek pentsatu du, adibidez, enpresa mentalitatea iparrorratz, Ukrainan galdutako dirua berreskuratu behar duela lehenbailehen berreraiketarekin edo lur arraroekin, badakielako inork ez diola aurre egingo, inork ezin diola aurre egin; nahi duena egin dezake Ukrainaren gainetik eta, nola ez, Europaren gainetik. Dena den, ez dut uste Trumpek, Putinekin bakea egin ondoren, baimena emango dionik Europari gas errusiarra berriro erosteko, negozioak negozioak dira.
Gaza opor-leku bilakatu nahi zuela adierazi zuenean barre egin nuen. Orain, ordea, barrea desagertu zait, eta ezinezkotzat jo nuena posibleago ikusten dut, ez zait lehen bezala ero baten harrikada iruditzen, gauzatu ahal den egitasmoa baizik. Nazioarteko zuzenbidea? Giza eskubideak? Nazio Batuak? Zer ziren horiek?