Euskaltzaindiak ematen duen definizioaren arabera, eufemismoa “gogorregia gerta daitekeenaren ordez erabiltzen den hitz leungarria” da. Era berean, paroxismoa honelaxe definitzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak: “Gertakari baten edo sentipen edo sentimen baten gradu gorena”. Gaur egungo “gizarte politikoki zuzen” honetan, egia ezkutatu, ostendu, gorde, kukutu nahi da. Egia gordinaren ordez, mengelkeria pozoitsu eta usteldua erabiltzen da. Eta horrelaxe goaz gizartearen oinarriak zeden, sits edo pipiaren eraginaz usteltzen. Egiaren lekuan, gezurra nagusiarazten.
Eufemismoaren tontorrera heldu gara “kolorekoa” eta “afro-amerikarra” erabiltzearekin. Bide batez esanda, Estatu Batuetako supremazista zuriek landutako berbak dira horiek, ingelesezko “nigger” hori ez erabiltzeko; hala ere, ingelesez ere badago “black”, eta horren zuzeneko itzulpen zuzena “beltz”a da. Eta enparauok, Estatu Batuetatik at gaudenok, beste barik irentsi egin dugu hori geure hizkuntzetan. Azter dezagun patxadaz. “Kolorekoa” darabilgunean, nik jakin nahiko nuke zein koloretakoa den aipatzen den gizaki hori. Ala beltzak ez garen beste guztiok ez daukagu kolorerik?
Hori ez ezik, eufemismoa asmatzen dutenek derrigor bete behar dute lege hau: asmatzaileok ezin dira baldarrak izan edo ez lukete baldarrak izan beharko, baina baldarrak, aldrebesak eta traketsak dira. Euren lekuari eutsi ahal diote besteok haiek baino ergelagoak garelako soilik; bestela, ezin uler daiteke horrelako bidegabekeria.
“Beltz”ak deskripzio fisikoa dakar, antzina-antzinatik kolore jakin bati emaniko izena. Hala eta guztiz ere, “afro-amerikarra” erabiltzen badugu, arazo batzuk topatzen ditugu: lehenengo eta bat, “jatorria” erakusten dugu; Estatu Batuetako zuriek euren buruari “euro-amerikar” esaten ote diote? Bigarren, Afrikako guztiak beltzak ote dira?… Mefistofelesek zioen legez, ergelkeria okerragoa da txarkeria baino, hura askozaz ugariagoa delako. Ene, Jaungoikoa! IKIMILIKILIKLIK!