Gorka Bereziartuak Argia aldizkarirako idatzi duen Ontsa hiltzeko bidea: apez neurotikoak pistolarekin eskribatua artikulua arretaz irakurri dut, arretaz, irribarrez, dibertiturik, barre-algaraka, miretsita eta, zergatik ukatu, apur bat nostalgiko. Izan ere, latitude beroagoetan bizi nintzenean, Joan Tartasen liburu hori eta idatzi zuen hurrengoa (Arima penitentaren occupatione devotac, jatorrizko ortografian) irakurtzen eman nituen hainbat arratsalde (bakoitza bere frikiak bizi du), baita, Tartasen esaldi baten aitzakiatan, Garziarena aldizkari hartarako ezizenez sinatutako lerro batzuk idatzi ere. Beraz, eta nostalgia lantzea noizbehinka komenigarria denez, Tartas irakurtzen eman ditut hainbat arratsalde negu ez gordinegi honetan Gorka Bereziartuak zehazten dituen ezaugarriak gogoan.
Ez da Tartasen liburuaren izenburua munduko komertzialena, ez. Gaur egun gehien estimatzen den hiltzeko modua da oharkabean gertatzen dena, lozorroan ahal bada, baina gure arbasoentzat, ez bakarrik XVII. mendekoentzat, gertuagokoentzat ere bai, horixe zen biderik izugarriena, egindako okerrez pentsatu eta damutzea galarazten zuena, eta egindako okerrez pentsatzea ez dago inoiz gaizki. Damutzea beste kontu bat da. Gorka Bereziartuak idazlearen subjektibotasuna, autokritika, uhar tankerako idazkera eta istorio bitxiak kontatzeko trebezia azpimarratzen ditu, garaiko gatazka politiko-erlijiosoak ahaztu gabe, Tartasenean modernitate zantzuak nabarmentzen dituelarik. Bereziartuak erabiltzen duen euskara ironiko zahar kutsukoa, gainera, gozamena da, irribarrez irakurtzeko ezin egokiagoa.
Ausartuko naiz esatera gaia ere ez dela hain zaharra edo urruna; gaur egun ondo hiltzeko bideak gutxi du erlijiotik, gutako askorentzat, behintzat, eta duintasunez hiltzeko eskubideaz edo aurretiazko borondateen agiriez edo bizi-testamentuez hitz egiten dugu, baina funtsean berberaz aritzen gara. Jakina, norberaren heriotzaz pentsatzea ez da oso atsegina, halere, bizitza honetan dagoen ziurtasun ia-ia bakarra da hilko garela, hilko naizela. Pentsatzea, esan dezadan berriro, ez dago inoiz soberan.