Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

XXI.eko sektak

Lehengo gizaldiaren bigarren erdialdeaz gero, gure Europa ei aurrerakoi honetan erlijioa bertan behera laga da oro har. Jakingabeek baino ez dute Jaungoikoa sinesten, beheko klasekoak menderatzeko trikimailua baino ez da erlijioa, lurrekoa lurrean agortzen da… eta horrela heldu gara oraingo mendera erlijioak arbuiatuz, gutxietsiz eta mespretxatuz. Ez da gizakiaren arima aintzat hartzen, albo batera uzten da gizakiaren transzendentzia. Gizakia geroago eta hutsalago zaio gizakiari berari.

Izan ere, gizakiak ludian denetik beti begiratu du bere buruaz harantzago; horretara, eta gure kulturaren eremura mugatuz, greziarrek eta erromatarrek, judeguek eta haien ondorengo garen kristauok eta islamdarrek Jaungoikoa sinesten dugu, nork bere berbekin eta bere irudira sinesten izan dugu gizakiaz harantzago badela zerbait. Europan, adibidez, erlijio katolikoa eta gainerako kristauak izan dira atzera gehien egin dutenak. Erlijioa itxaropena da, erlijioak gizakioi eusten digu geure burua eta geure nortasuna osoak izan daitezen.

Hartan-horretan, sinesgabetasuna/sinesgabekeria gizarteko iritzi-sortzailerik ei aurreratuenen ikur bihurtu da. Gizakia helburu barik tresna bihurtu da, eta gizaki berri hau jainko txiki bihurtu da: edozein gizakik inoren biziaz erabakitzeko agintea bereganatu du, eta egoera jakin batzuetan edonork edonor hiltzeko eskubidea duela uste du. Jainkoarren! Biziaz harantzagoko proiekzioa galdu duenetik, gizakiak beste erlijio mota batzuk asmatu ditu: ekologismoa, berbarako.

Bai, ekologismoa sekta berria da, eta ez da bakarra. Kontraesanez beteta dago ekologismoaz diharduten gehienen jarduna: ez dago arazorik lantzean-lantzean kale-agerraldiak egiteko basamortutzearen aurka kaleak negargarri zikintzen dituzten bitartean eta egun berean milaka kilometro egiteko kerosenoa parrastadan gastatzen duen hegazkinezko bidaian joateko. Horrek, geroenean, erakusten du gizakiak bere buruaren kontzientzia galdu duela, bere buruaz beste egin duela.