Bihar, azken orria kenduko diogu 2024ko egutegiari. Urteko azken eguna izaki. Eta, bihar, urteko azken egunaren azken argi-izpia harrapatzen saiatuko gara, urte berrirako desioren bat aireratu eta magiaz edo, gauzatu dadin.

Urte bukaerarako bi argazki hautatu ditut aurtengoan. Bakarrik bizi diren pertsonena eta urte zahar egunean aireratzen ditugun su artifizialena.

Lehenbizikoz, EAEn, bakarrik bizi diren pertsonen kopurua familian bizi direnena baino handiagoa dela jakinarazi digu aurreko astean Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailak. Gero eta adineko jende gehiago dago, bakarrik gelditzen den adineko jende gehiago, bikoteak ere gero eta gehiago banatzen dira, umerik izaterik erabakitzen duten pertsonen kopurua gehitzen doa, eta bikoterik gabe bizitzea erabakitzen duten pertsonena baita ere. Ondorioz, bakarrik bizi den jende kopurua, lehenbizikoz, handiagoa da EAEn, familian bizi denarena baino. 

Bestetik, urte zaharra agurtu eta berriari ongi etorria emateko baliatu izan ditugun su artifizialen eta petardoen botatze ekitaldiak ere murriztuz eta neurtuz doaz urteak pasatu ahala. Ume jaio-berrien, pertsona oso nagusiak etxean dituztenen, autismoa dutenen familiartekoek eta animaliak dituztenek eskatuta, udaletxe askotan, neurri bereziak hartu dira: edo debekatzea edo zarata gutxiago ateratzen dituzten petardoak erabili behar direla jakinaraztea.

Bizitza aldatuz doa, bai. Bizitzeko moduak aldatuz doaz. Eta umetan jai-giroan igarotzekoak ziren egunak eta orduak, orain, neurtu beharrekoak bilakatu dira. Dena behar da neurtu, orain.

Topa egingo dugu bihar, gaueko hamabietan, eta urte berri oparoa eskatuko dugu topa egiten lagunduko diguten pertsonentzako. Topa egin dezagun, bada, topa egiteko lagunik ez daukatenen alde ere, aterperik gabe daudenen alde, eta euren herrietatik eta etxeetatik urrun, bidean direnen alde.

Eta egin dezagun topa isilean, inor gogaitu gabe, pozak eta penak, bizikide bakoitzari nork bere erara ospatzeko aukera emanez. Ahal den neurrian, aukeratutako intimitatean.