Euren burua komunista zintzotzat dutenek behin eta berriro esaten izan dute Vladimir Ilitx Ulianov, Lenin, hil ez balitz Errusiar Iraultzak beste bide bat hartuko zukeela. Hori esaten izan duten komunista zintzo horiek jakingabeak izan behar zuten, bestela ez baitziratekeen zintzoak izango, zintzoek ez baitute gezurrik esaten. Izan ere, Leninek 1917ko matxinadatik urtebetera Txekak zabaldu zituen eta Izu Gorriaren 4 urteko aldia hasi zuen. Leninek berak teorizatua zuen zelan erabili behar ziren izua edo terrorea, tortura eta erailketa arma politiko gisa.
Orduko, Leninek estatu-kolpe bat egina zuen hauteskundeetan boltxebikeak galtzaile irten zirela jakin zuenean. Hau da, Lenin orduko Errusiako biztanle gehienen borondatearen aurka matxinatu zen, ez tsarraren aurka. Errusiako herriaren gogoaren aurka. Hau da, Lenin kolpista bat izan zen, herriaren gehiengoari jazarri zitzaiona, Trotski Armada Gorriaren buru zela. Stalin haien ikasle aurreratua izan zen, bai hilketa politikoan, bai tortura politikoan, eta bai, jakina, gosete politikoan.
Lenin, 1917an, esandako guztiaren aurretik, Errusiara sartu zen Alemaniar Inperioko orduko Gobernuak emandako diruaz eta baliabideez. Gobernu alemaniarrak historiako errakuntzarik handienetako hau egin zuen: nire arerioen arerioak nire lagunak dira. Zein moral-mota zuen Leninek Errusiaren aurka borrokan zebilen Alemaniako Inperioarekin adiskidetzeko?
Bada, Leninen estrategiak erabiltzen ari dira Herri Harmailakoak. Koldarrak dira Santimamiko ikusleen artean ostentzen dutelako euren burua. Athleticen irudia zikintzen dute beste talde batzuetako jokalarien aurkako irainak jaurtitzen dituztenean, eta koldarrak dira, berriro ere, isun-zioak diren gertakarien egileek euren burua identifikatu nahi ez dutelako. Hori bai, 45.000 €-ko isuna Athleticek ordaindu behar du. Eta zemai egin diote Jon Uriarte lehendakariari. Ondo egin du Athleticeko lehendakariak salaketa jarri duenean izua darabiltenen aurka. Ondo!