Ordorika, a la pizarra. Ruper Ordorikak bere kontzertuetan askotan gogoratzen du maisuak arbelera irteteko eskatzen zion momentu beldurgarria. Eta gehienontzat beldurgarria zelako, hain zuzen ere, denok egin dugu askotan antzekoa: burua jaitsi irakaslearen begiradak eta gureak bat egin ez zezaten, oharkabean pasatzeko ahaleginak egin.
Izan ere, arbelera nor atera pentsatzen aritzen zen isilune urduri haietan bagenekien bere begiradak gurearekin bat eginez gero, akabo, harrapatuta geundela armiarmaren sarean. Orduan, gure izen abizenak bere ahotik irteten baziren ere, haren begietatik irteten zirela sentitzen genuen. Begirada inkisidore hartatik.
Burua jaitsi oharkabean pasatzeko.
Iruditzen zait txikitan eskolan egiten genuen hori bera egiten dugula egunean zehar, edonon. Norbait kalean dirua eskatzen ikusiz gero, eskalearen begirada saihesten dugu, ez baitugu haren egoeraren errudun sentitu nahi; ezagun batek azken boladan depresio sakon bat izan duela dakigunean, berdin, askotan hari laguntza eskaini ordez, urrundu egiten gara harengandik, ez dakigulako nola tratatu, edo agian pentsatzen dugulako nahikoa dut nik nirearekin; harreman batean gauzak oso ondo ez doazenean ere, askotan elkarrizketa sakonak saihesten ditugu eta arazorik ez balego bezala egiten dugu aurrera, bestearen begiradan harremanaren porrota islatuta ikusteko beldurrez.
Arbelera irteteko beldurra hor dago oraindik. Otsoa belarrietatik hartzeko beldurra. Datorkigunari aurre egiteko koldarkeria, edota nagikeria, edota berekoikeria.
Urte asko pasatu dira txikitan irakasleak arbelera ateratzeko beldurrez ibiltzen ginenetik, baina gauzak ez dira hainbeste aldatu ordutik. Ikusi besterik ez dago zer gertatzen den ikastolako gurasoen bileretan gelako arduradun nor izan nahi duen galdetzen dutenean. Denok jaisten dugu burua, geure izena entzuteko beldurrez. Ez ala?