Badiote kanposantuak liliz beteta daudela. Badiote kanposantuak asmo onez beteta daudela. Badiote kanposantuak haratustelaz beteta daudela. Badiote kanposantuak ankerki hildakoen hilotzez beteta daudela. Badiote kanposantuak hildakoak bisitatzen dituzten gizaki hiltzaile biziez beteta daudela. Badiote kanposantuak bizi hobera joanikoen arimez beteta daudela. Badiote kanposantuak txarto egindako asmo onen biktimez beteta daudela.

Hilerrietako hilarrietan dautzanen izen-abizenek eta ezizenek haien bizien hasieratik amaiera arteko asmoak islatzen dituzte. Han daude beren etsaien etsaia beren laguna zela uste zutenen izen-abizenak. Hilarriaren aurrean liliak daude, lore freskoak hasieran, eta agortuak… amaieran. Hilarri horren ondoan dago han datzanaren arerioaren hilarria. Heriotzak denok berdintzen gaitu. Ez dio nor zein erlijiotakoa den. Guztiok dugu lur bera aterpe. Lurpeko harrek jandako hondakinak edo errausketa-labeak erretako errautsek berdintzen eta nahasten gaituzte.

Bai, hondakin eta errauts horietan asmo on-txar guztiak nahastuta eta ezereztuta daude. Israelgo Estatuak Palestinar Aginte Nazionala ahultzeko Hamas indartu zuenean, azpikeria eta trikimailu guztiak erabili zituenean, asmo onak ei zituen. Asmo on horiek Israelen ahulezia azaleratu dute, eta eraile batzuk, haien pareko direnak, Palestinar Aginte Nazionalaren ondorengo gisa ipini eragin dituzte.

Siriako gudu berpiztu honetan diktadore bati jarki zaizkion musulman amoregaitzak noren indarrez ari dira borrokan? Ez ote dira Golango gainak berriro larregi berotuko? Musulman horiek Siriaz jabetzen badira, kanpotik esku har dezaketen indarrek ezer egin barik, ez ote dira matxino horiek gero inork kontrolatu ezin dituen gizakiak izango? Bitartean, kanposantuak liliz beteko dira, Golango gainetako hondarraren azpian batzuk eta besteak nahaste lurperatuta egongo dira. Badiote hilerriak liliz eta asmo onez beteta daudela, batzuen eta besteen hilotzez beteta daudela.