Hiri edo herri baten bizi kalitatea gauza txikietan antzematen da. Zebra bidean autoak gelditzen diren ala ez bada jendearenganako errespetua neurtzeko modu bat, adibidez. Edo kafetegi batean sartzean zerbitzariak egunon esatea eta irtetean egun ona izan dezazula… horrelako keinuek harremanak leuntzen dituzte. Batzuetan leku batean gustura gaudela sentitzen dugu eta ez dakigu zehazki zergatik. Geure buruari galdetzen diogu: eguraldia izango da agian? Hiriko arkitektura? Kaleen zabalera? Argia? Faktore guzti horiek zerikusia izan dezakete, baina gehienetan zergati nagusia jendea izaten da. Zer nolako jendea aurkitzen duzun han edo hemen, hori izaten da garrantzitsuena. Nola hartzen eta tratatzen zaituzten. Eta badaude jendearen arteko harremanetan halako amortiguadore edo leuntzaile moduko batzuk, benetan garrantzitsuak harremanak errazteko eta denak ondo sentiarazteko. Manerak dira, heziera, edukazioa, jendetasun maila. Kanpora bidaiatzen dudanean, askotan sentitzen dut hango manerak gureak baino dotoreagoak direla, abegitsuagoak, heziagoak. Sentitzen dut gurean bestearenganako errespetua erakusten duten keinu asko galdu ditugula eta honek gure gizatasun maila pobretu duela. Errespetuaz gain, bestearenganako interesa ere erakusten baitugu honelako keinuekin. Lan bilera bat hasi baino lehen, adibidez, zergatik ez galdetu aurrean dugunari egun ona izaten ari den, nola sentitzen den, zerbait behar duen hasi baino lehen… Batzuentzat apaingarri hutsak dira halako berbak, baina zalantzarik ez dut: bere magia egiten dute. Izan ere, berdin zertaz hitz egingo duzun, aurrean duzunak zu pertsona gisa errekonozitzen zaituela sentitzeak dena aldatu dezake. Bat batean eroso zaude, giro adeitsu, atsegin, gozo batean. Beraz, ez dezazun ahaztu gu bezalako beste pertsona asko ditugula egunero gure inguruan, eta denoi egiten digutela on halako hitz atseginek: egunon, zer moduz zaude, eskerrik asko, egun ona izan dezazula…
- Multimedia
- Servicios
- Participación