LUIS XIV.ak ezizen ospetsua hartu zuen: Eguzki Erregea. Hari, gainera, zor diogu esaldi ospetsu hau: “Estatua neu naiz”. Absolutismoaren eredua izan zen. Beraren esan-eginak besteentzat agindu ziren. Berak zuen arrazoia edozein eremutan, edozein jakintza-arlotan. Orojakilea zen ahalguztiduna baitzen. Bera zen egiaren haragitzea: bai egia materialaren haragitzea, bai egia birtualaren haragitzea, bai egia asmatuaren haragitzea, bai zinezko egiaren haragitzea. Labur esanda, edozein egiaren haragitzea.

Egun, sindrome hori geroago eta zabalagotzen doa gizartean. Nonahi ageri dira absolututasunaren jabe direnak… absolututasunaz jabetu nahi dutenak behintzat. Betiere, egiaren haragitze horrek baditu ezaugarri batzuk, Luis XIV.aren sindrome gisa uler daitezkeenak. Hona hemen sindrome horren adierazpen batzuk: “Alderdia neu naiz”; “Athletic neu naiz”; “Demokrazia neu naiz”, eta abar. Izan ere, gizarteko arlo eta eremu guztietan topatzen ditugu sindrome hori agertzen dutenak.

Sindromedun horien ezaugarriak, berriz, nahiko finkoak dira: urteetan oso aurrera doaz; haien eremuan antzinakoenak dira; urteetan zehar kargu edo postu batetik bestera joaten izan dira; gaitz egiten zaie haien eremuko oinarri-oinarrian daudenen parean jartzea; ez dute ezein arazorik egia bihurtzeko; bestela esanda, kontakizuna apaindu egiten dute haiek nahi duten mezua erdiesteko; egitateak aldabera bihurtzen dituzte, gezurra egia balitz bezala ager dadin…

Eta beste ezaugarri garrantzitsu hauek ere badituzte: alde batetik, haien ustez, inork ez daki haiek beste; beste alde batetik, haiek izandako kargu eta postu guztien zerrenda plazaratzen dute beste guztien gainetik daudela agerrarazteko. Hirugarren, ez dute ezein arazorik euren buruari nekez eusten diotenak lotsa barik erabiltzeko. Geroenean, Luis XIV.aren sindromedunek koipetsuak, losintxariak eta elezuriak behar dituzte inguruan. Izan ere, haiek igarri behar dute enparauko mundutarrak baino hobeak direla.