Gero eta jende gehiago ikusten dut aurikularrak belarrietan, edonon daudela ere. Suposatzen dut musika entzuten daudela edo podcasten bat. Nik ere erabiltzen ditut paseoetan edo bidaietan, eta nire seme-alabek ere askotan izaten dituzte jarrita eta, ez pentsa, askotan izaten ditugu eztabaidak aparatu horiek gora eta behera. Izan ere, batzuetan etxean bakarrik berbetan nagoela iruditzen zait. Inor entzuten al dago?
Aurikularrak soinean edo ez, gizarte honetan ugarituz doan jarrera belarriak estaltzea da. Hau da, besteek esaten dutenaren aurrean gorrarena egitea. Eta hau etorri zait burura Valentziako irudi izugarriei begira eta bereziki auzo eta herri ezberdinetan sortu den elkartasun kateen berri izatean. Pentsatu dut bakoitzak berera joatearen joera hori (aurikularren erabilerak ondo sinbolizatzen duena) bakarrik eteten dela egoera oso larri batera heltzen garenean. Pandemian ikusi genuen, adibidez, eta pentsatu genuen handik hobeak aterako ginela. Eta ikusten ari gara baita ere Valentziako drama honetan: bizilagunen arteko elkartasuna agertu da, argia duten etxebizitzetan bizilagunak hartu dituzte askok euren telefonoak kargatu ditzaten, adibidez, edo sekulako esfortzu fisikoa egin dute zahar-etxe bateko langileak pertsona heldu eta ezinduak eskaileretan gora eta behera pultsuan eramateko…
Esaten dute momentu larrienetan berekoikeria nagusitzen dela, bakoitzak lehenik eta behin bere burua salbatu nahi duelako beti. Eta hori neurri handi batean egia da. Baina egia da baita ere halako ezbeharretan gizakiek hor nonbait barruan dugun elkartasunerako joera ere azaleratzen dela.
Hori nola mantendu da gakoa, zorigaitza pasatzen denean ere. Nola egin behar dugu egunerokoan ere alboan dugunaren beharrei adi egoteko, batzuetan daramatzagun irudizko aurikular horiek gainetik kentzeko; aparatuok musika entzuteko eta gozatzeko erabiltzeko, baina ez besteen eskaeren aurrean gorrarena egiteko.