Azpimultzoa multzo baten barnean osatzen den beste multzo bat da. Ikastolan ikasi genuen multzo eta azpimultzoen teoria gogoratu dut bat batean. Maisuak arbelean borobil haiek zelan marrazten zituen etorri zait burura. Horrela ikasi genuen, adibidez, landareak izaki bizidunen azpimultzo bat direla, gizakiak animalien azpimultzo bat direla eta abar. Baina denen artetik, bereziki gogoratzen dut bi multzoen arteko intersekzioa. Bi borobil elkartzen zirenean erdian sortzen zen beste borobil luzanga horren irudia, zeinetan sartzen ziren, multzo ezberdinetakoak izan arren, ezaugarri komun batzuk partekatzen zituzten elementuak. Adibidez, multzo batean neskak bazeuden eta bestean mutilak, multzoen arteko espazio horretan sartzen ziren, demagun, betaurrekoak erabiltzen zituzten guztiak, izan neska edo mutil. Guzti hau aipatzen dut burura multzoen intersekzioaren irudia etorri zitzaidanean pentsatu nuelako intersekzio horretan aurkitu dezakegula gizabanakoen elkarbizitzarako errezeta moduko bat. Leloa izango litzateke: bilatu beti intersekzioa. Izan ere, askotan harreman asko baztertzen ditugu ez gatozelako bat ehuneko ehunean beste pertsonarekin. Baina “bilatu intersekzioa” formula aplikatuz, beti edo ia beti aurkitu dezakezu pertsona horrekin komunean dugun ezaugarriren bat. Zenbat aldiz ez diogun harreman bati inolako aukerarik eman badakigulako politikoki ezberdin pentsatzen dugula, edo gure bizitza estiloek ez dutela zerikusirik, edo gure adinak, edo gure kulturak… Baina elkar ulertzeko borondatea egonez gero, beti aurkitu dezakezu intersekzio bat, bi multzoak elkartzen dituen azpimultzo bat. Ez dugu berdin pentsatuko baina agian biok gara zine zale amorratuak eta hor jaio daiteke gure harremana. Arbelean bezala, ezberdinen arteko espazio konpartituak marraztea posible dela sinistu nahi dut, nahiz eta txikiak izan.