Argazkian makina bat gurutze beltz agertzen ziren. Desolazioa. Gurutze bakoitzean herri baten izena idatzita. Gero irakurri nuen Arabako hainbat herritako biztanleek 411 gurutze jarri zituztela lursail batean, Araban egin nahi dituzten proiektu fotovoltaikoei modu irmoan ezetz esateko.

Lurralde eder horretatik Solaria berriztagarrien enpresak etekin ekonomiko handia lortu nahi du milaka eguzki plaka jarriz, bertako abeltzaintza eta nekazaritzaren kaltetan. Bada, plaken ordez gurutzeak jarri dituzte bertakoek, etorkizun hurbila nolakoa izango den adierazteko. Baina dena ez da garbi eta aratz, instituzioak ere arazoak hasi dira ikusten, eta ez hainbeste onurak. Arabako Foru Aldundiak proiektuak aztertu eta alegazioak aurkeztu ditu. Gaur egun milaka dira alegazioak, eta ikusten denez, enpresaren asmoa ez da horren erraz beteko. 

Herritarrak organizatzen ari dira, eta kosta lain kosta jarri nahi diren proiektu horien kontra eta deskarbonizazioaren mozorropean bertako lurretan triskantza burutu ez dadin zutik izango dira, harik eta trantsizio energetiko ez espekulatibo bat egiten den arte.

Bada, han 411 gurutze sartu dituzte Araba osoko heriotzaren ikur gisa. Beste gurutze asko ez ditugu ikusten egunotan, agian laborriaren eraginez lurretan sartzeko astirik egon ez delako, baina egon badira. Gazan gertatzen ari den esperpentoari, orain Libanon hastear dagoena gehitu behar zaio. Eskrupulurik gabeko Israel deshumanizatu eta genozidak ez du gelditzeko asmorik, eta suntsipena hedatu nahi du zonalde osoan zehar, munduko lider inutil guztiek besoak gurutzaturik liskar odoltsua ikusten dutelarik. Krimen perbertsoak egiten jarraitzen du, eta sustatzen ari den giza-degenerazioa itzela da. Desolazioa.

Dena amaitzen denean zenbat gurutze beltz izango dira herrialde haietan? Dena izan behar da heriotza ekidin ezina? Ez dago bakerako aukera minimorik ere? Zer bilakatu da gizateria? Dena brutalizatu egin behar da? “Esaten du ene hiztegi batek desolamendu hitza latinezko desolatio hartatik datorrela, jenitiboz desolationis”.