Azken zutabe bietan ekarri dudan hizpide bat dakart oraingoan ere. Izan ere, gaur hamabost santuak eta jaiak uztartu nituenean, edo orain astebete santuak eta anormalak batu nituenean, gaurkoan aipatuko dudan gai beraren beste alderdi batzuk plazaratu nituen. Gaurkoa haien jarraipena da. Ataungo semearen “izan zirelako gara, garelako izango dira, katea ez da eten” esaldiak ez dirau daborduko. Aleak nonahi eta noiznahi ikusten ditugu. Aleok zertzelada txikiak ematen dute, garrantzirik gabekoak, baina katearen begiak, katebegiak, ederraren eta guailokeriaren beharrez ikoltzen ari dira.

Azken alea Abadiñokoa dugu. Muntsarazko Andre Mariaren ermitatik Urkiolara prozesio bat egiten izan da urteetan zehar, gizaldiz gizaldi, eta San Rokeren irudia eroaten izan dute lepo gainean abadiñarrek behetik gora. Bada, aurten ez da behar beste lagunik izan San Rokeren irudia santutegiraino eroateko. Orduan, santurik ez bada, zergatik mantendu dituzte errogatibak? Ezin da errogatibarik izan, santurik ez bada aldean. Espainiar batzuek apirilaren 14an egiten duten legez, ezin da Espainiako Errepublika aldarrikatu espainiar hiru kolorekoa izan barik. Hara doazenek diotela!

Katea eten egin da. Gure gizarte (ezen ez herri) “miragarri” eta “aurrerakoi” eta “aurreratu” honetan ahaleginak balioa galdu du. Gure ondorik datozenei zailtasunak leundu nahi dizkiegulako-edo (hau da, guk, belaunaldi zaharrekook, hartu behar dugun erantzukizunak dakartzan eginbeharrak bete nahi ez ditugulako), ondorengo belaunaldiek ez dakite zer den sakrifizioa, zer den euren burua gainditu beharra, zer den ez etsitzea. Katea eten ez dadin, katebegi batek ondorengoaren lotura izan behar du, eta lotura horrek ahalegina egin behar du ondorengoarentzat. Egun ez dago horrelakorik, norberaren ahaleginak ez duelako baliorik, dena “guztion artekoa” da; “elkarrekin egindako lan”ak alfer askoren nagikeria ezkutatzen du gutxi batzuen ahaleginari esker. Zein da kate honen hurrengo begia?