Israelek Gaza-Zerrendako puntu ezberdinak bereizkeriarik gabe erasotzeak, non zibil palestinarrek bilatzen duten babesa borroka-eremuetatik ihesiz, ez du deus apartekoa. Berak berariaz humanitariotzat jotako eremuetan ere, iheslarien esparruak, ospitaleak eta eskolak bonbardatu ditu. Nazioarteak ohi bezala erantzun dio horri: oinaztura handi eta euri gutxi. Netanyahu, bitartean, geldiezina bere genozida praktiketan. Azkena joan den larunbatean izan zen, gerra honetako sarraskirik basatienetakoa Gaza hiriburuko Al Tabi ‘in eskola-babeslekua, umez beteta, dozenaka familia lekualdatu hartzen zituena, hiru aire-eraso zioten ehun palestinar hil eta beste hainbeste zauritu ziren. Eta Israelek, berriz ere inolako frogarik aurkeztu gabe, eraikinean Hamaseko kideak zeudela esanez justifikatzen du bere burua. Eta kitto. Eragindako irudi ikaragarrien ondorio izango da akaso –hiltzor ezagutezinak, ez da gorputz oso bakar bat ere aurkitu hondakinen artean– edo biktimen balantzearena –orain arte hilgarrienetako bat– edota gaur egungo unearena –su-eten bat lortzeko nazioarteko bultzada berri baten erdian– baina, egia esan, eraso horrek ohi baino erreakzio kondenatzaile argi- eta gogorragoak eragin ditu. Hala ere, ni ez naiz baikorra, ze obrak dira amore, ez hitz onen kolore. Besteak beste, AEBko Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren komunikatu bat, Gazako biktima zibileengandik oso kezkatuta dagoela adieraziz, hau lotsagabetasuna... Edo Kamala Harris bera ere, “zibilak ez kaltetzeko erantzukizuna du Israelek” publikoki esanez. Orain? Bada, Israelera armak bidaltzea mugatuz has liteke AEBk, gerra honi egin dion ekarpenik mamitsuenetako bat piztia elikatzea izan baita. Zenaren balantzea, 10 hilabete eskasetan, suntsitzailea da: hildakoak 40.000 inguru, % 50 umeak; populazioaren % ia 100 desplazaturik eta Gazako franjaren % 85 suntsituta.
Gosetea, nazioarteko elite politikoak nahita utzitako zibilak, gerratik ihes egin ezin duten milaka errugabeak amaierarik gabeko bidegurutze batean... Noiz arte?