Azken urteetako joera berdinzaleak eraginda, guztiok berdinak-edo garelakoan, egoera bera ei da zuzenena guztiontzat. Eta horrek badakar gizakion barrenean daukagun berezitasuna galtzea. Erdipurdikokeria nagusi den garai honetan, norberaren berezitasuna oztopo da. MERKATUak, horrela, letra handietan, askozaz merkeago ekoizten du produktua eta hortik irabazi askozaz handiagoak sorrarazi. Era berean, gizabanakoa hutsaldu egiten du.
Goian esanikoaren adibide gisa, hau ekarri nahi dut hizpidera: ahots digitalizatua. Konturatu gara gailuetan entzuten den ahotsa bera dela leku guztietan? Desgizatua dela, gizagabetua dela, giza itxura eduki arren? Gizonezko ahots eta andrazko ahots berak edozein parajetan entzuten dira, eguneango hizkerak ezberdinak izanagatik. Horren inguruan, berriz, itaun hauek sortu zaizkit: nork aukeratu du eredu hori?, zeren arabera hautatu du?, hura hazi eta hezi zuten ereduek topatu ote dute euren isla gizonezko ahots eta andrazko ahots horietan?
Aldous Huxleyren metafora distopiko ospetsuan ageri da mundu horren lehenengo aztarna. Gomuta dezagun metafora hartako egoeraren ezaugarri hau: kateko ekoizpenean sortzen den ekoizkin desberdina jaurti egiten da, ez da gizarte betegin horretan sartuko, berdintasunaren aurkakoa ei delako (ala berdinkeriaren aurkakoa)? Aldez aurretik Deus ex machina batek sortutako eredu hori itsu-itsuan irensten dugu, haren atzean nagusi diren irizpideak eta ikusmoldeak kontuan hartu barik, igarri barik. Igarri barik ere, eredu hori geure egiten dugu, eta, igarri barik oraindik ere, txartzat jotzen ditugu eredu horren ildotik aldentzen diren gainerako ereduak.
Konturatzeke, gogoan hartu gabe, albo batera uzten ditugu ereduzko eredu horrekin bat ez datozen ekoizkinak, inork ez dakien batek erabakitako lorratzetik ez doazelakoan. Eta hori azaltzeko modua ere mozorrotu dugu itzulpen txarretatik datozen esamoldeekin, berbarako: albo kalteak, gehien nahi diren ondorioak eta abar.