Lagun donostiar jakintsu batek aspaldian erakutsi zidan zertan datzan lehentasunen arloa. Izan ere, bageniharduen autu-mautuan etorkizunean egin beharreko kontuen eta haien hurrenkeraren gainean. Bat-batean nire solaskideak esan zidan lehenengo eta bat eginkizunak aukeratu beharko genituzkeela eta haiek egiteko hurrenkera zehaztu. Nik erantzun nion lehentasunak ezarri beharko genituzkeela, eta lehentasunen kopurua azaldu nion. Hark barre egin zuen eta esan zidan lehenengo eginkizuna izango zela lehentasuna, besteak ez zirela lehentasun izango.
Eta arrazoia zuen: lehentasuna bat bakarra da, eta besteak bigarrentasunak, hirugarrentasunak, hamaikagarrentasunak… Gaur, hilak 9, bihar-etziko Europa moldatuko duten politikari ordezkariak aukeratu behar ditugu. Ez da txantxetako kontua, herritar askok hauteskunde horiei garrantzi txikia, hutsala ematen badiete ere. Dena dela, Europa osoan muturretako jarreren goranzko joerak ohiko alderdi demokratikoen gogoa piztu behar du, berandu izan baino lehen.
Alde horretatik, ohiko alderdi demokratikoek lehentasuna ezarri behar dute albait lasterren, eta hori prestutasuna goiburu ezartzea da. Herritarron ordezkariak direnek eta izango direnek zintzotasuna izan behar dute goiburu. Egunean-egunean, hedabide gehien-gehienetan, politikariak (horrela, gordin, ñabardura barik, esanda) lapur higuingarriak direla esaten bada behin eta berriro, herritarrak geroago eta gehiago aldenduko dira politikatik. “Outsiderrak” salbatzaile bihurtuko dira (badira daborduko), eta politika herritarren gogo-asmoetatik aterako dute demokrazia atsegin ez dutenek.
Winston Churchillek esan zuen legez, demokrazia gobernu-sistemarik txarrena da, salbu eta beste guztiak. Esaldi hori burutik badoakigu, asko kostata daukagun sistema hau galdu ahal da guk uste dugun baino lehenago. Politikariek prestutasuna landu eta erakutsi behar dute egunerokoan, eta haiek ordezkatzen dituzten herritarrei kasu egitea bide ona da helburu hori lortzeko.