Ni beti mus-jokalari kaxkarra izan naiz, baina beti ahalegindu naiz handiko jokaldietan irabazten, banekielako jakin txikira ia sekula ez dela jokoa irabazten. Egia esan, ez dut zori handirik izan, baina jokoaren ikuspegi orokorra ikusten jakin dut. Hartan-horretan, beste zehaztasun bati erreparatu diot: jokoa luzea da, eta jokaldi bakar batean jokoa irabaztea guztietatik hirutan gertatzen da. Horixe du estatistikak.

Aste honetako ostegunean Amnistiaren Legea onetsi du Espainiako Parlamentuak. Kontua, berriz, hauxe da: orain badator epaileen eretia. Espainiako Erresuma osoko alderdi politikoek, lehengoek eta oraingoek, beti jokatu dute txikira. Bizkorkeriak dituzte atsegin, litxarreriak ohiko barkagarritzat hartzen dituzte; inoren bekatuak erraz antzematen dituzte eta eurenak, berriz, gaitz; une jakin batean errentagarri dutena baino ez dute gogoan hartzen jarduteko, egitate horrek geroan zein eragin izan dezakeen gogoan hartu barik.

Orain urte asko PPk eta PSOEk erabaki zuten zeozer politikaren eremuan ezina zitzaienean epaileen arlora eroango zutela zena zelako hura. Eta hona eta honela heldu gara egundaino. Gaur egun politikaren arloan erabaki zein adosten denak epaileen zain gelditu behar du indarrean jarriagatik. Bide makur eta ilun horretako munarri bat ekarri nahi dut gogora: ekainaren 27ko 6/2002 Lege Organikoa, Alderdi Politikoei buruzkoa. Garai hartan, bat etorri ziren CiU, Coalición Canaria, Partido Andalucista, PP eta PSOE. Lege organiko negargarri, ideologizatu eta ertz batekoaren aurka jarki ziren EAJ, EA, BNG, ERC, ICV eta Chunta Aragonesista.

Bada, bihar-etzi epaileek Amnistiaren Legea Konstituzioaren aurkakoa dela erabaki dezaketen epaileen epaiaren oinarria jarri zuten bik: PSOEk eta CiUren ondorengoek ondorio txar horiek jasan ditzakete. Eta hori ez da bide makur eta ilun horretako munarri bakarra, gomutan har dezagun Loapa, 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpearen ostean autonomiak “onbideratzeko” hartu zen legea.