Herenegun, hilak 10, gure kuadrillako lagun biren aitaren aldeko hileta-elizkizunetara azaldu nintzen Azkoitiko eliza nagusira. Eta hortxe eta orduantxe konturatu nintzen eskuetako atzamarretatik labaintzen ari zaigun gertaera honekin: euskalduntasuna ilauntzen doa igarri barik baina eten barik. Azkoitiko meza euskara hutsez esan zen; aldez aurretik iragarritako orduan hasi zen. Azkoitiko meza horrek bat-batean ekarri zidan gomutara 2013. urteko urrian San Andres Etxebarriko elizan gure andrearen amaren aldeko hileta-meza. Hamaika urte behar izan ditut egoera berari erreparatzeko.
Bizilegeak eraginda, azken hilabeteetan hileta-meza askotara joan behar izan dut, eta haietarik bat ere ez da euskara hutsez esan (ez dut herririk aipatuko, baina euskaldunen kopuru handiko herrien gainean dihardut). Halako batean, Felipe Arrese Beitiaren eta Sabin Arana Goiriren hiltamuzko garrasiak etorri zaizkit burura. Badakit harrezkero Euskal Herriak iraun duela. Oraingoan, ostera, euskalduntasunaren odoljarioa ziztu bizian doa.
Txalaparta arokoak ziren Arrese eta Arana, analogikoak. Aro horretako euskaldunek euskalduntasuna ahotik belarrira iragan zuten, eta euren jarrera zen ondorengoen biziaren gidari. Euskaldun berba nahikoa zen inor bere burua derrigortzeko. Euskalduntasun hori ez zen euskarara mugatzen, beste ezaugarri askok hornitzen zuten hura: aitaita-amamengandik ilobengana sutondoan igarotzen ziren ohiturak, ipuinak, mitoak…; aldez aurretik lotutako hitzorduetara garaiz heltzea; auzolana; lanak sasoiz eta ondo egitea…
Gaur egun, ostera, digitalak gara. Aro digitalean, txikia txikiagotu egiten da, eta handia handiagotu. Gure atzekoei ekanduak, legendak… eman beharrean, gailuak ematen dizkiegu, eta gailu horiek ez dute euskalduntasunaren izpirik ematen. Aspaldiko mugak jausi egin dira hainbat gauzatarako: pentsamendua bakartzeko; janzkerak berdintzeko; jatekoak bateratzeko; herri txikien bizibideak handienen ereduaren arabera moldatzeko…