JOAN den igandean Aberri Eguna ospatu genuen, eta 48 ordu eskasetan hasiko da 2021eko Eusko Legebiltzarerako hauteskundeen kanpaina, ikuspegi interesgarria… Izan ere, alde batetik, azken hamarkadetako hauteskunderik lehiatu- eta irekienak dira, protagonista berriak baitituzte kartelaren goialdean eta, bestetik, EH Bilduren eta EAJren arteko lehia zerbitzatuta eta erretiluan dagoelako, aspalditik ‘pil-pil’ean. Su txikian ba eta egoki onduta. Tira… Duela urte batzuk -politikan denbora azkar-askar joan arren mezuek bere horretan diraute- Arnaldo Otegik -orduan liderra, orain ere- “garen bezala” aurkezten zirela baieztatzen zuen hauteskunde mitin batean, ez zuela ezer onartuko “lurraldetasuna- eta autodeterminazioaren azpitik”. Eguneko Menuaren azken berrikuntzak independentzia lortzeko presa eta antsietate handiegirik ez dagoela aldarrikatzen du gaur: beste lehentasun edo eskaera batzuk daude, helburu subiranistek itxaron dezakete. Otegi dixit -hamaika ikusteko jaioak gara, koadrila-, Otxandianok baietz. Adibidez, EH Bilduren hautagaiak 2030erako markatu du euskal estatus berri baten data. Oso-osorik subiranoa ala epela izango al da? Aldebakarrekoa? Itundua? Norekin? Nork daki… Zera, holakoa datorrenarengandik etorrita nere aldetik inongo txalorik. Urteetan zehar posibilismoa, egonkortasun instituzionalera jotzea, urratsez urrats joatea, Madrilgo hauteskundeetan parte hartzeko erabaki bera edota ETAren indarkeria terroristaren aurkako erabakitako irmotasuna, kausari traizioa egitea baino gutxixeago zirela. AEren eta haren nagusienena, jakina. Gaur-gaurkoz, moteldurik dagoen kausa bera, hain zuzen. Inportantea: joko demokratikoaren arauak zorrotz errespetatzen dituzten hauteskunde askeen testuinguruan, nere aldetik trabarik ez. Dena den, emaitzak ikusteke daude. Ze, batzuen hitzak abiadura harrigarrian mutatzen badira ere, egiteak aldaezinak diren, ez dago ezkutuko agendarik gainjartzen duenik. Adi-adi, beraz, eta pilak ondo kargatuta.

Hauteskudeez hitz egiten jarraituko dugu...