ARGI gelditzen ari da EAEko hauteskunde kanpainaren barruan zerbitzu publikoena dela gai nagusietako bat. Osasuna, hezkuntza eta zaintza edo babesa edo gizarte-ongizatea deitu ahal duguna ugaltzen ari dira hautagaien hizketaldietan. Agian bizkorregi lotu ditut zerbitzu publikoak eta hirukote hori (osasuna, hezkuntza, ongizatea), hautagaietako batzuek ez baitituzte inolaz ere lotzen, aitzitik, zenbait hautagairentzat hirukote ospetsuak ez du zertan publikoa izan, hautagai neoliberalen kasuan argi eta garbi, jakina, eta hautagai ez hain neoliberalen kasuan ñabardurak ia-ia infinituraino, eta haratago, iritsi ahal baitira: ekimen pribatua beharrezkoa da, ekimen pribatuaren eta publikoaren arteko lankidetza ezinbestekoa da, ez dago denetarako dirurik, ekimen pribatu batzuk ez dira guztiz pribatu, komunitateak sortuak dira, edo herriak, edo jendartean dauden taldeek.
Hautesle gehienok zerbitzu publikoen gainbehera ikusi eta pairatzen ari gara, eta uste dut neurri batean egoera geureganatu dugula, alde batetik ongizatera aski berandu heldu ginelako, bestetik, giroa publikoaren aurkakoa delako mundu osoan eta, azkenik, EAEko herritar askok onartu dutelako hori, hezkuntza adibidez, eta hura, etxebizitzak demagun, publikoaren kanpo egon daitezkeela, ez guztiz, baina tira. Gainera, pribatizazioak askotan ez dira basatiegiak eta azpikontratazioen mundua inoiz baino bigun eta zabalagoa da orain. Noizbehinka eskandaluren bat agertzen zaigu, eskoletako jantokiekin gertatu zena, esaterako, edo haserretzen gara Osakidetzak jakinarazten digunean operazioa klinika pribatu batean egingo digutela, baina apurka-apurka sartzen ari gara, irensten ari gara. Azken finean, ez genuen onartu hori edo hura? Osasun Sailburuak iragarri zuen paradigma berri hura onartuko al dugu era berean?
Ez, ez dugu zergatik onartu. Kanpainan hautagaiek esango digutenari adi egotea komeni zaigu; galdera zuzen eta lotsagabeak plazaratu behar dizkiegu, xehetasunak eskatu, programetako letra txikia arretaz irakurri, mesfidati izan.