Umeak amari esnea hartzen dio, hari edoskitzen dio jatekoa; amak badaki umeari esnea eman behar diola; behiak badaki txahalak hari behar beste esne har diezaiokeela; inoizko batean, arazoren batengatik beste behi baten umeari esnea eman behar badio, hori egingo du, betiere umeak behar duena zainduz. Bestela esanda: amaren sena, umearen ona; behiaren esnea, txahalaren jatena. Animaliek hori badakite, zer jazo ote zaigun gizakumeoi hain gauza oinarrizkoa ahazteko? Ez dakit.
Behiak badu belardi bat, metro koadro jakin batzuk dituena eta urtean belar-kopuru jakin bat duena. Behiak badu korta bat, eta korta horretan badu aska jakin bat, pentsu-kopuru jakin bat jateko darabilena. Behiaren elikagaiak haren esnearen emaria dakar. Zenbat eta hobeto jan, orduan eta esne gehiago eduki. Horrek guztiak ematen dio behiari berak behar duena, txahalari behar beste jaten emateko. Behiaren txahala, gainera, bada baserritarraren etorkizuna; horrexegatik arduratzen da baserritarra behiari behar den moduan jatekoa ematen, behiak txahalari dagokiona eman diezaion.
Nekazariak estutasun larri bat gertatzen denean bakarrik onartzen du behiak txahal bati baino gehiagori jaten ematea denbora jakin batean. Izan ere, behiaren ugatza ez da amaigabea; hori ez ezik, behiari esnea agortzen zaionean, txahala kentzen zaio behiari, txahalak bere kasa molda dezan bizimodua. Eta horrelaxe jazotzen da belaunaldiz belaunaldi. Neurria zaindu behar da. Behiari ez zaio berak eman dezakeena baino gehiago eskatzen. Ugatza husten denean, errapeak ez du ezer ematen, ez esnerik, ez beste ezer.
Berdin suertatzen da zergak ordaintzen ditugunekin. Tributuak ordaintzen ditugu gizarte-zerbitzuak jasotzeko. Guztiok ematen dugun neurri berean jaso behar dugu, etorkizuna bermatuko bada. Zergapekoak gara behiak; botere publikoak, berriz, nekazariak, eta hurrengo belaunaldiak, azkenik, txahalak. Baserritar horiek behiak behar bezala zaintzen ez badituzte, txahalek ez dute zer janik izango.