GAUZA terribleagorik ez da inoiz gertatu”, esaten zuen bertako bizilagun batek, errautsez eta sundez inguraturik, sute suntsitzaile batek Txileko Valparaiso eskualdeko zati bat kiskali ostean. Beste askoren ahotan ere konparazioa agertzen zen, behinola bertan agitu zen lurrikara baten ondorio larriak ez ote ziren txikiagoak izan tamainako sarraskiaren aurrean.

Estonaturik ikusten ditugu gau eta egun, eta gero eta sarriagotan, gure munduak pairatu behar dituen trajedia humanitarioak eta ekologikoak. Alde batetik, baditugu arraziorik gabeko gerrate luze eta krudelak, genoziodio basatiak, erantzun globalik ez dutenak, eta esperpentoaren gira-biran gero eta groteskoago bilakatzen direnak. Eta beste aldetik, esan liteke, gure lur prekarioaren ahultasunaren aurrean era pasiboan begiratzeko kondena onartu duela erabat degeneraturik dagoen masa-gizarte global eta masifikatu honek.

Ez ote duzue asfixia ere sentitzen? Ez ote duzue gizarte horren endekapena ikusten? Txilen suteen keagatik izango da, baina beste toki batzuetan uholdeak gertatzen dira, deabruzkoak, eta ehunka pertsona ere bertan desagertzen dira, bai eta elurtza eta hotz itzelak ere, toki orotako animaliak akabatzen dituztenak...

Sua eta ura. Eta azken hori, seguruenik, mundu mailan gertatuko den krisialdi nagusietako baten protagonista izango da laster barru.

Urak muturreko egoerak sortzen ditu beti, bai eta bere falta nabarmenak ere; beno, hobeto esanda, giza jardueragatik eratu den berotegi-efektuko gasen isurketa tai gabekoak sortu ditu nahasmendu klimatiko horiek, gaur egun, gure artean ere ikus ditzakegunak.

Katalunia dugu ondoan, eta bertan, negu minean izanik ere, historiako lehorterik okerrena jasaten ari dira. ikusita dauzkat nik bertako urtegien hezurdura sikuak.

Han, ur kontsumoa mugatzeko xedez, kalibre handiko murrizketekin hasiko dira laster batean, eta auskalo salbuespen egoera larraingoetara lerratuko ote den populua.

Euri gutxi egiten du, elur gutxi egiten du, eta negua ere gaixotu egin zaigu.