Gaur zortzi “Buru ahulak” izeneko zutabea idatzi nuenean ez nuen uste berriro ekin beharko niokeenik gai berari. Aurten 50 urte bete dira Gero argitaletxeak argitaratu zuenetik aurton ere 90 urte beteko zituen Mikel Zarate idazle lezamarrak idatzitako liburua: Haurgintza minetan. Bai, andrazkoek umeak argitaratzen dituztenean, andrazkook erdiminak izaten dituzte. Ematen du ahaztu dugula gizakumeok ugaztunak garela. Hanka bikoak, baina ugaztunak. Eta ugaztunek erdiminak izaten dituzte. Hala ere, ematen du gizakumeok, euskaldunok behintzat, erabaki dugula ugaztunen ugaltze-eginkizuna ez betetzea, edo, funtzio hori betez gero, erdiminak saihesteko ahaleginean gabiltzala.

Izan ere, amaren eta umearen arteko lotura berezia sortzen duten eragileetako batzuk erdiminak dira, haur-minak. Behin edo behin, munduratzeko mina umeari kentzeko ere eskatuko al dugu, noiz eta ume jaioberria bizirik dagoela jakiteko hari ipurdiko bat eman behar zaionean? Hortik eta Aldous Huxleyren mundu-eredu distopikora hiru edo lau belaunaldiko tartea dago gehienez ere. Gizagabetze-bidean ari gara, baina oraindik ez gara konturatu, edo, okerragoa dena, ez diogu bilakaera horri begiratu nahi ostrukarena eginez, uste dugulako, burua ezkutatzen badugu, beldurtzen gaituena ikusten ez badugu, ez dela arazorik izango. Gizagabetze-prozesu hau ez da oraingoa, ez eta arestikoa ere.

George Orwellek ere 1984 eleberrian beste mundu-eredu distopiko bat marraztu zuen. Kasu horretan ere, igartzeke, bestela baitakoan, zabaltzen doa giza eredu gizagabetu bat, gizartearen eredu gizagabetu bat; hori bai, une honetan gertatzen ari dena gizartekoiok irensteko moduan mozorrotuta dago. Esaterako, ez dago gizartearen kontu kontrakoagorik sare sozialak deritzetenak baino, hau da, sare antisozialak dira, gizakumeen arteko zuzeneko harremanen ordez bitarteko teknikoen bidezko urruneko harremanak gailendu dira. Laburbilduz, biziaren lehenengo unetik gizakumeen arteko lotura hautsita dago.