GABONETAKO argiak. Gabonetako argiekin milaka argazki ateratzen dituen jendea. Gabonetako argien distira saretua. Sareetako Gabonak. Bonbilla horiek guztiek mundu bazterretan bizi ari garen drama guztiak estaliko dituzte, edota argituko? Gabonetako oturuntzek eta desfaseek ahantzaraziko dizkigu tristezia globala, bertigo mundiala, gerretako trajedia muturrekoak, genozidioen usainak, gainberatze saihetsezina?

Gabonek topikoetako aroa osatzen dute. Errepikapenak egiten ditugu urtero, ia mekanikoki, eta poztasunaren zantzu ahula egon daitekeen arren, nire aburuz, tristeziaren sasoia zabaltzen dute. Batzuk betiko joan direlako (egunotan Jorge Gimenez Alberdaniako editorea. Bihotzean min), eta behinola joan zirenen ispiritua gertuago sentitzen dugulako. Beste aldetik, umeak izateari utzi diogu, magia zaharra galdu dugu, eta kontsumismo muturrekoak blaitzen dituen festa komertzial bilakatu zaizkigu. Kaleak jendez lepo daude, masa globalizatu bat gara.

Horrexegatik, argi horiek guztiek, hein batean itsutu egiten gaitutelakoan nago. Herri askotan lehiakortasun estupidoa sortu dela ikusi dut, ea nork bonbila gehien jarri, eta nork pinurik altuena altxatu, ea nork kilowatt gehiago xahutzen duen aro honetan. Hortik dabilen datu bat hauxe da: Madrileko Udalak lau milioi euro inguru erabiltzen ditu hiriko kaleak superpolito argiztatzeko, eta han, lau adingabeetatik bat baino gehiago kalteberatasun-egoeran bizi dira, etxean apenas jateko eta berotzeko ez dituztelarik.

Argi dago energia dosi gehigarria malapartatzen dela egun hauetan, hain juxtu, aldaketa klimatikoaren inguruko bilkura handia amaitu eta bertan erabakitakoak modu eszeptikoan hartu direnean.

Ezinbestekoa da produkzio eta kontsumo eredua birplanteatzea, denok baitakigu ez dela nahikoa jatorri fosileko energia-iturriak energia berriztagarriekin ordezkatzea trantsizio energetiko iraunkor bat lortzeko. Gabonetan ere, makina bat mandatari olgetan ari dira gure planetarekin eta gure ondorengoen etorkizunarekin.

Gabonetako argiek pertsonen ametsak, benetako bidea argitzeko balio dezatela. Gabon zoriontsuak!