Abioaren kuntzatan gogoratu digu gure mugikorrak hegazkin moduan jarri behar ditugula: modo avión, flight mode. Hegaldiak irauten duen bitartean ez gara inorentzat egongo. Nolabait esatearren, munduan gertatzen denarengandik inpermeabilizatuta egongo gara, gure kontaktuengandik behintzat. Eta une batez horrela bizitzea zer izan daitekeen pentsatu dut. Inori sartzen uzten ez diozun eta inori entzuten ez diozun oskol baten barruan bezala. Are gehiago, hegazkin moduan bizi diren pertsona jakin batzuk etorri zaizkit burura. Modo avión edo hegazkin moduan bizi diren pertsonak beraiena bakarrik axola zaienak dira; lanean, familietan, harremanetan... neopreno moduko bat jantzita sartzen dira, eta, hala, gainerako pertsonen iritziek irrist egiten dizkiete azaletik, besteei gertatzen zaienari eta besteen interesei gor daude. Imajinatzen ditut besteen hitzak haien oskola gogorretan errebotatzen. Eta horrela, gai dira beren bidean aurrera egiteko kritikarik jaso gabe, ez baitituzte entzuten; beste iritzi batzuekin aberastu gabe, uste baitute horiek nahastu baino ez dituztela egiten. Besteek diotena entzun gabe erabakiak hartzen dituzten pertsonak dira, beren ahotsaren oihartzuna entzun eta berresteko hitz egiten dutenak, beren helburu indibidualak kolektiboekin nahasten dituztenak, mundua kolore bakar batez ikusten dutenak: euren koloreaz. Eta pertsona horiek, paradoxikoki, oso kotizatuta daude merkatuan, eta oso altu iristen dira; izan ere, egia da mundu honetan, diseinatuta dagoen bezala, beti hobeto funtzionatzen duela eta eraginkorragoa dela beren interesentzat bidean azkar aurrera egiten duen norbait, mundua bere erara ikusten ez dutenak ulertzen saiatzen den bat baino. Belarriak estalita aurrera egiten duenarentzat dago diseinatuta mundu hau, tamalez. Pilotuaren ahotsak 900 kilometro orduko abiaduran goazela esan digu. Hegazkin moduan goazenean, oso azkar joateko gaitasuna dugu. Baina arazoa nora goazen jakitea da.