Kalean kaskoak jantzita eta kantuan ibiltzen den jendearen fan amorratua naiz. Guk kanpotik haien ahots biluzia baino ez dugu entzuten, baina imajina dezaket zelan entzuten duten beraiek euren ahotsa, musika banda batek lagunduta. Gure mundutik urrun ikusten ditut, musikak beste leku batera eraman izan balitu bezala. Horrela kantatzen duen jendea gustatzen zait. Musikarekin hegan egiten dakiena.

Musikaren ahalmen sendagarri eta magikoan pentsatu dut, hain justu, Silvio Rodriguezen ahotsa lehen aldiz euskaraz abesten entzuten dudan egunean, Jon Maiaren “Kantu berri bat gara” proiektuari esker. Leku berezi batean harrapatu nau. Harrizko banku batean eserita, zuhaitzez inguratuta, nire errutinatik urrun. “Batzuetan...” hasi da Silvio abesten, eta, bat-batean sentitu dut hitz bakar batean batu direla bi mundu, euren artean oso diferenteak direnak, baina nire barnean guztiz lotuta daudenak. Batetik, gaztetan entzuten nituen Silvioren abestiak; eta, bestetik, nire hizkuntza. Eta horrek kortozirkuito moduko bat eragin dit barruan, eta ahoan utzi dit zapore gozo bat, baina erremina aldi berean, txokolate bero bat hartzean mingaina erretzen zaizunean bezala.

Poza sentitu dut Silvio berreskuratu dudalako. Bere ahotsa entzun dezaket nire barnean: “ Una mujer se ha perdido conocer el delirio y el polvo, se ha perdido esta bella locura, su breve cintura debajo de mí…” Eta abestiarekin batera, zenbat oroitzapen. Ahaztuta uste nituen zenbat irudi eta usain. Garai bateko lagun handi asko gogoratu ditut, hainbeste eman didatena. Zenbat barre eta negar egin ditugun elkarrekin. Eta, aldi berean, neure burua ere errekuperatzen ari naizela sentitu dut, inoiz izan nintzen pertsona, ia ahaztuta nuena. Irribarre egiten dut, altxor bat berreskuratu dudala sentituz. Eta orain sekulako gogoa daukat kaskoak jantzi, kalera irten eta abesten hasteko egun batean galdu nuen eta musikari esker errekuperatu dudan Unicornio Azul-ari. “No sé si se me fue, no sé si se escapó…” Soinu banda oso bat nire buruan. Nire ahots biluzia airean. Lagun onak gogoan.