Aitortza eta erreparazioa dira gaur egun mapamundi politikoan askotan entzuten eta erabiltzen diren hitzak. Duela egun batzuk Estatuaren indarkeriaren izugarrikeria jasan dutenentzat aitortza eta erreparazioa aldarrikatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Estatu Espainolean eskuin muturreko talde parapolizialen ekintzak ugaritu egin ziren bolada batean, eta askok sufritu zituzten beren gehiegikeria degradanteak, guztiok dugun zaurgarritasuna maila gorenean erakutsiz. Ondo legoke Espainiako gobernuak garai ilun haietan motibazio politikoagatik eragindako indarkeria eta esperpento huraxe inpunitatez gertatu zela onartzea, eta oraindik alderrai, aske, eta inolako damu-sentipenik gabe dabiltzan aktore politikoak epaitzea, gaur egun indarrean dagoen zigorgabetasunari amaiera eman dakion.
Agian gauza bera egin liteke gure hizkuntzarekin, hots, aitortza eta erreparazioa aldarrikatu, euskararen aurkako oldarraldi judiziala gero eta nabariagoa baita, eta horren erruz eskubide urraketa gero eta sakonagoa ere bai. Hemendik aurrera euskarak ez baitu bermerik izango, gero eta ahulago bilakatu nahi dutelako. Gure hizkuntzaren asfixia lortu nahi dute.
Horiek euskararen ofizialtasunaren gainean bestelako interpretazio propagandistikoak eta sinbolismoz beteak egin nahi dituzte, hegemonikoak betiko aldarean jarrai dezan, printzipala printzipalago izan dadin. Bestela, zertarako dator kalapita hau? Euskaldun askok espainolez ere badakigu. Orduan zertarako hizkuntza gutxitu horri hainbeste bolumen eta babes eman, ezta? Beste kontu bat da obligazioarena. Euskaldunok euskaraz egiten dugu eta ez gaude obligaturik espainola egitera. Edo, orain bai?
Euskara bera babesteko ditugun araudi eta lege guztiak indartsuak baldin badira, nolatan irauli daitezke hain modu gratuito eta sinplean eskrupulurik gabeko jurista eta sasi-politiko batzuen amarruarengatik. Esku perbertsoek beti izango dute arrazoia? Botere judizialak ezin du hizkuntza politika egin, iraingarria da. Euskarak ezin du atzerapauso gehiago eman, eta deslegitimatzeko maniobra horiek amaitu behar dira.