2022ko azaroaren 15etik atzera zortzi mila milioi (8.000.000.000) biztanle baino gehiago gara ludian, Nazio Batuen Erakundeak esan zuenez. Ez da kopuru makala guztion artean gure planeta hondoratzeko. Bada, asteon irakurri ahal izan dudanez, Ibai Junquera Lasagabaster ludiko 35 lagunetatik bat da Gastrostomia Endoskopiko Perkutaneoa dutenetakoa. Ibairen izen-abizenak, eta haren guraso Zuriñe eta Santos eta haren anaia Unax eta Aimar aipatuko ez bagenitu, estatistika bat izango litzateke hedabideetan. Gutxi gorabehera honelaxe esango luke albisteak: “Ludian % 0,00000004k pairatzen du delako gaixotasuna” (zeroak behin baino gehiagotan egiaztatu ditut). Esan dudanez, estatistika hutsa.

Hala ere, estatistika huts horretako ehuneko ia ikusezin horren barruan zaudenean, zuretzat estatistika beste hau da: % 100. Izan ere, niri neuri suertatu zait jokatu ez dudan loteria madarikatu hau. Norberak nahi ez, baina noraezeko heldu den gaixotasun malapartatuak ni neu aukeratu nau. Kontuak badauka beste ezaugarri berezi hau: gaixotasun ultraarraroa denez gero, osasun-sistemek ez diote halako gaixotasuna nozitzen duenari arreta osorik ematen, “garestia” da eta. Baliteke % 99,99999996k eskubide hobea izatea (“lehentasun” deritzo horri) ia ikusezina den % 0,00000004k baino.

2023ko urriaren 9a arte, Espainiako Erresuman 871 lagunek galdua zuten bizia errepideetan. Kontuan hartzen badugu Espainiako Erresumak gutxi gorabehera 47.200.000 biztanle dituela, trafiko-istripuetan hildakoak % 0,00183678 dira biztanle guztiak gogoan hartuz gero. Oso gutxi. Hala ere, hildako 871 lagun horien senideentzat, lagunentzat eta adiskideentzat estatistika % 100 da. Estatistikak pertsonak ezkutatzen ditu, hau da, gu geu ezkutatzen gaitu, alegia, norbera ezkutatzen du.

Betiere, zenbakiek ez dute erantzukizunik. Erantzukizuna dutenak hauek dira: gure bizitzako arlo guztiak zenbakietara ekarri nahi dituztenak; gertaera jakin bat albiste gogoangarri egin nahi dutenak…