Arropa behar duela eta, erosketak egitera joan gara alaba eta biok. Halako batean, niri benetan polita iruditu zaidan jertse bat erakutsi diot, begira, berari ere gustatuko zaiolakoan. Orduan alabak erantzun dit hori guztiz modaz pasatua dagoela, zehazki esan dit: “Ama, horrek 2000. urtekoa ematen du”. Eta shockean geratu naiz, izan ere, nire buruan 2.000. urteak duen konnotazioa etorkizunarena baita, oraindik ere, nahiz eta 23 urte (23 jada?) igaro diren ordutik. Izan ere, Miguel Ríosek “Año 2000, llega el año 2000…” abesten zuenetik, milurtekoaren aldaketarena beti izan da niretzat eta suposatzen dut nire belaunaldikoentzat ere eszenatoki futurista bat. Ondo gogoratzen dut 2000 urteari begira geundela, zeruertzera bezala, handik aurrera mundu berri bat aurkitu behar genuela pentsatuz. Eta, hara, bat-batean, Orwellen 1984rekin gertatu bezala, 2000 urtea jada iragan urruna da, hain urruna nire alabak ordukoak direla esaten die zaharkituak iruditzen zaizkion gauzei.

Hala ere, horrela izan behar du. Garai bakoitzean gauza guztien esanahiak aldatzen doaz eta ezinezkoa da etorkizunean izango duten esanahia igarri nahian ibiltzea. Bestela, gerta dakiguke Gasteizko taberna bati gertatu zitzaiona pezetatik eurorako jauzia egin baino lehen. Ez dakit gogoratuko duzuen, baina Euro izena hartu baino lehen, ECU jarri behar zioten. Ba kafetegi honetako jabeek erabaki zuten aurrera hartzea zetorrenari, eta moneta aldaketa egin baino lehen, ECU izenarekin inauguratu zuten lokala. Handik gutxira, Euro izena jarri ziotenean Europako diruari, estreinatu eta gutxira jada zaharkitua geratu zen tabernaren izena. Ez dago, beraz, aurrera hartzerik denborari. Ezin gara izango denaren lekuan jarri. Adibidez, gaur egun denok gaude egun 2030era begira, badirudi urte hori helburu guztien helmuga dela, etorkizuna sinbolizatzen du. Helduko da garaia zeinetan 2030. urtea ere iragana izango den. Eta egongo orduan ere da alaba edo semeren bat hala dela gogoraraziko diena bere gurasoei.