Australiako erreferenduma (Australiako jatorrizko herriak konstituzioan aitortu bai ala ez zion galdetegia) herrialdea batzeko ariketa gisa aurkeztu zuen Anthony Albanese lehen ministro laboristak, baina usteak ustel, galdeketak bitan zatitu du herrialdea: batzuen ustez, galdeketak sekulako aurrerapausoa suposatzen zuen eta historikotzat jo dute proposamena baina, beste batzuen ustez, kontra egin dutenen ustez, fundamenturik gabekoa izan da. Kontua da, kontra agertutakoen artean badirela talde aborigen batzuk ere. Galdeketaren oinarria bera iraingarria iruditu zaiela diote. Aborigen hauen ustez, beraien lurrak lapurtu zituztenen oinordekoak dira orain bozkatuko dutenak. Eta ezin dute beren lurren lapurren ondorengoekin erreferendum berean parte hartu.
Galdetu behar litzaieke nola ulertzen duten, besteak beste, 2017ko maiatzean 250 lider indigenek onetsitako dokumentua, Bihotzetik Egindako Uluruko Adierazpena, alegia, zeinaren bidez, Australiako Konstituzioan indigenek osatutako talde bat aitortzea eskatzen zuten. Zazpi urtez lanean aritu ostean, zeinak aborigenen aspaldiko eskaera bati erantzuten zion, nola ez diren gai izan testu amankomun baten gainean indarrak batzeko. Eta hala egin ezean, zergatik joan diren erreferendumera (nahiz eta derrigorrekoa izan parte hartzea).
Milaka kilometrotara gaudelako izango da beharbada baina zaila egiten da ulertzea (edo ez hainbeste) historikotzat jo daitekeen eskaera baten aurrean, nola herritarrak banatu daitezkeen. Oin hutsik bizitzea baino botak jantzita hiltzea hobe dela pentsatuko dute.
Memoriaren eta historiaren arrazoiak beharrezkoak dira baina baita zurrunak ere, ezinbestean. Eta memoria eta historiaren arrazoiak ezin ditugu bere osotasunean aplikatu (ez, bederen ehuneko ehunean) herritarren kohesiorako eraiki beharreko bide berrietan.
Gurean ere bada tankerakoa litzatekeen eskaririk. Galdetu beharko genuke, bada, delako galdeketa horrek, batu edo areago bananduko ote gintuzkeen. Ariketa gisa besterik ez.