Egunokin israeldar eta palestinarren arteko hamaikagarren guduka ikusten eta entzuten ari gara. Okaztagarria da ikustea noraino hel gintezkeen gizakiok. Bahiketak, hilketak… ez dira ikusi ahal ditugun gaiztakeria bakarrak. Deabrurik ez dela entzuten dudalarik ohartzen naiz gizakiok ez dugula onartu nahi deabrua gu geu garela edo izan gaitezkeela. Halaber, aingeru ere gu geu gara edo izan gaitezke. Ongia eta gaizkia geure baitan dira, ez gakizkion hurkoari ohartu.
Hastangarria da ikustea hiltzaileek bahitutako haurrak, gazteak, garakoak eta adinekoak, emazteki zein gizonezko, hiltzeaz gain, erakutsi egiten dituztela haiek egindako basakeria guztiak. Batzuek diotenez, haien indarra erakusteko egiten dute, beste batzuek, berriz, badiote ezen hori egiten dutela izterbegiak beldurrarazteko. Bien bitartean, hildakoak, guztiak, bestela baitakoan ageri dira komunikabideetako albistegietan zenbaki batera bilduta, alboko gaitz gisa.
Nardagarria da ohartzea alde bateko eta besteko eraileek hildakoez eta haien senideez erakusten duten axolagabekeria ezaz. Bi-bien xedea arrazoia haiena dela erakustea da. Zein arrazoi? Nork izterbegitzat hartzen duena hiltzekoa? Haien herrikoak ez direnak “gauza” bihurtu eta ezereztekoa? Hori al da arrazoia? Ez ziren berdin aritu Adolf Hitler eta naziak juduekin? Hain gutxi ikasi dugu ordudanik gizakiok gu ez bezalakoak tratatzeko? Non gelditzen da 1948ko abenduaren 9ko Genozidio-delitua prebenitu eta zehatzeko Konbentzioa? Non, 1948ko abenduaren 10eko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala? Non, 1959ko azaroaren 20ko Haurren Eskubideen Adierazpena?… Non, azken finean, Nazio Batuen Erakundea?
Gaitzesgarria da ikustea mintzo denak, herrialde baten edo beste baten fabore egiteagatik edo haietako bati edo beste bati aitzi egiteagatik, nola kukutzen dituen hiltzaile batzuek egindako sarraskiak, eta hiltzaile horien hiltzaile izterbegiek egindakoak nabarmentzen dituen. Gozatuko ahal dira hildako guztiak Agindutako Lurraz!