Hil gutxiko alaba bortxatu egin du aitak. Pornografiaren irudiak zabaldu egin ditu seinaren ama eta bortxatzailearen emazteak. Aita 25 urtekoa da, hezkuntzako sistemarik berritzaileenaren barruan hazitakoa eta hezitakoa. Sistemaren errua? Osorik ez, baina horrelako bidutziak egunean-egunean azaltzen zaizkigu: gizonezko gazte talde batek aldran bortxatu zuen andrazko gazte bat Sanferminetan orain ez hainbeste urte; neska-mutilen aldra batek haien edadeko ume bat jipoitu eta grabatu zuen.

Non daude bidutzi horiek guztiak? San Agustinek Aitorkizunetan itaun hau egiten zion bere buruari: “Zer ustelkeria! Zer bidutzi! Zer herio izugarri! Zilegi ez zitzaidana ahal nuen atsegin, zilegi ez zitzaidalakoxe?”. Bada, bai. Batez ere egiten dugunaren ordaina eman behar ez badugu. Batez ere jakin dakigunean guk egin ditzakegun astakeriarik handienak eta ikaragarrienak duan joango zaizkigula. Gizarteak ezin izan du seintxo biktima jagon haren gurasoen biduzkeriatik, eta orain hori egin ez duen gizarte berak haren sarraskitzaileen eskubideak defendatu behar ei ditu. Hori ote da demokrazia?

Zer jazoko da ume honen guraso bidutzi edo munstro hauekin? Haientzat, gogorren jota, hil arteko zigorra, berriro aztertzekoa dena. Hori hala bada, gaitzerdi! Niretzat kondena bigunegi begitantzen bazait ere, ez dago kondena bortitzagorik ipintzerik. Noiz ulertuko dugu horrelako bortxatzaile, jipoitzaile eta eraileen giza eskubideak bermatzea dela haien biktimenak zapaltzea?

Begiratu zer egin duten sein honekin Madrilgo gizarte-zerbitzuek: umearen aitona-amonei laga zaie haren zaintza. Benetan sinesten dugu hori dela erabakirik egokiena ume horrentzat? Inork sinesten al du sein hori koskortzen denean haren eskolako umeek ez diotela ezer esango hari gertatutakoaz? Hain inozoak gara?

Okerrena hauxe da: 2021ean aita bortxatzaile hori atxilotu zuten ume-pornografia zabaltzearren. Bidutzi horren eskubideak defendatzen dituenak bere seina lagako luke haren ardurapean? Benetan?