Irakutzen ari nintzen tituluak nire arreta osoa bereganatu zuen tanpez. “36.525 tona elikagai zaborretara bota ziren iaz Nafarroan”. Zenbakietan galtzekoa naiz ni, baina kantitate hori izugarrikeria iruditu zitzaidan.

Nire etxean bekatutzat jo da betidanik janaria alferrik botatzea. Ekintza ezinezkoa zen, zerbitzatu egiten zena jan behar zenuen, eta hori egin ezean, gauerako platera zeneukan berriz prest, amaitu arte. Ez dut nire burua gomutatzen hozkailuaren ate zabalduaren aurrean zer hartuko ote nuen ezbaian, ez baitzegoen gutizia handirik. Morokila ere jaten genuela dut akorduan, mokadu gozagarriagorik ezean. Garai haietan ez zen soberakinik, dena probestu egiten zen, eta ez zegoen ogia edota fruta alferrik galtzeko astirik, ez eta malapartatzeko gogorik ere.

Baina gaur egun dena aldatu da. Behar duguna baino gehiago erosi egiten dugu, eta sarriagotan ere, behar duguna baino gehiago jaten dugu. Gero, triparatzen ez duguna, edota usteltzen uzten duguna zaborretara doa urrikalpenik gabe. Hortik dator goian aipatu dudan datua, Nafarroaren egoerari dagokiona soilik. Zein kantitate izango da orduan Euskal Herri osoan?

Badirudi, Nafarroan erosten diren hiru elikagaietatik bat zaramara botatzen dutela. Nola da posible? Batzuetan ez ditugu erosten beharrezkotzat jotzen ditugun elikagaiak, erakargarriak diren beste askok ere gure poltsetan topatzen dute lekua, eta horiek, seguruenik, etxearen azpiko edukiontzian amaituko dute. Ekintza sinple hori burutu baino lehen, ez gara jabetzen kate bat badagoela, eta ongarri-tonak, milaka litro ur, garraioak, eta lanordu piloa erabili direla ekoizteko eta supermerkatuetara helarazteko. Horiek guztiak zaramara botatzeak ere kutsadura sortzea dakar ezinbestez.

Mundu mailan gertatzen denaz ere harrituko gara. 700 milioi pertsona inguru gose izan ziren joan den urtean. Munduko elikagaien %13 galtzen da hornikuntza-katean, uzta bildu osteko etaparen eta salmentaren artean, eta beste %17 elikagai alferrik galtzen dira etxeetan, elikagai-zerbitzuetan eta merkataritzan.

Janaria platerrean dagoena baino gehiago da.